GARA
DONOSTIA

Berdintasunaren aldeko mezuak, Urrezko Danborra emateko ekitaldian

Sarriegiren doinuekin eta danbor hotsekin: hasi bezala bukatu ziren San Sebastian eguneko ospakizunak bart Donostian. 24 orduko epean, denetarako tartea izan zen: danborrak astintzeko (jakina), jan-edanerako, lagunekin kalean gora eta behera ibiltzeko, etxeko txikiaren danborradari begiratua egiteko, Urrezko Danborraren eskaintza bezalako ekitaldi solemneetarako... Ehunka eta ehunka argazki, 24 ordutan. Eta oraingoan, gainera, eguraldiak lagunduta.

Akabo San Sebastian, agur etenik gabeko 24 orduko festari. Datorren urtera arte. Orduan izango da berriz ere «festara!»&flexSpace;kantatzeko momentua. Aurtengoak ere, ordea, gogoan hartzeko makina bat irudi utzi ditu, igande gauerdian Donostiako ikurrina Konstituzio plazan igo zutenetik hasi eta atzo gauerdian jaitsarazi zuten arte. Hirigunean izan zen harrabots handiena, baina auzo guztietan izan zuten festa giroa bermaturik: 151 konpainia danborrak astinduz, han-hemenka, Sarriegiren doinuen erritmora.

San Sebastian eguneko eguerdi partea izaten da unerik seinalatuenetakoa urtero, eta atzokoa ez zen salbuespena izan. Batetik, Alderdi Ederretik abiatu zen haurren danborrada (atzo 41 konpainia kaleratu ziren, 8.800 umetik gora guztira). Eta bestetik, udaletxe barruan, Urrezko Danborra eman zuen alkateak. Sari preziatua, kasu honetan, Realeko emakumezkoen futbol eta hockey taldeei eskaini zien Eneko Goiak. Aurrenekoak Kopa etxeratu zuen joan den denboraldian, Granadan Atletico de Madril garaituta; bigarrena, berriz, Europako txapeldunorde geratu zen Herbehereetan jokatutako finalean.

«Balioak»

Kirol mailako lorpenok ekarri zituen gogora Goiak, baina horien gainetik aurtengo Urrezko Danborrak hiriko «emakumezkoen kirola omendu nahi» zuela nabarmendu zuen. Hain justu, alkateak azaldu zuen azken garai hauetan erakundeek kirol taldeei egindako harrera gehienak emakumezkoek jaso dituztela. «Eta horrek erakusten du hiri honek, bikaintasun balioez gainera, berdintasun balioak islatzen dituela».

Pozik, eta harro, hartu zuten saria Goiaren eskutik bi taldeetako kapitainek, Nereba Belzunegi hockeylariak eta Nahikari Garcia futbolariak. Donostiako, Gipuzkoako eta Lakuako agintarien aurrean, Realeko presidente Jokin Aperribay alboan zutela, Belzunegik hartu zuen hitza lehenengo. Hunkituta, eskerrak eman zituen sariagatik eta «Realeko hockey taldearen historia idatzi duten emakume guztiak» ekarri zituen gogora. Egun taldekide dituen eta iazko lorpenen –Europan txapeldunorde izateaz gain, Liga poltsikoratu zuten– protagonista izan zirenei buruz, berriz, adierazi zuen «sinesten duten horrekin, berdintasunarekin, kirolaren balio autentikoenekin, gure gizartearen balioekin konprometitutako taldea» dela.

Belzunegiren ondoren, Nahikari Garcia zuzendu zitzaien udaletxean bildutako denei. Kopa irabazi zutenetik jaso dituzten omenaldi guztietatik «hunkigarriena» atzokoa izan zela bota zuen. «Oso garrantzitsua den zerbaiten aurrean gaude. Emakumezkoen kirolak hazten jarraitu behar du. Neskato eta mutil askorentzat eredu gara», onartu zuen urnietarrak.

Ekitaldiaren alderik solemneena hor amaitu zen, bi taldeetako jokalariak agertokira igo eta udal ordezkariekin batera kantuan eta dantzan hasi baitziren.