GARA
BILBO

Bikotekidearen alabari sexu erasoa egitea egotzita, kartzela zigorra eskatu dute

Bizkaiko Probintzia Auzitegiko Bigarren Sekzioak J.L. epaitu zuen atzo, Getxoko Algorta auzoan partekatzen zuten etxebizitzan, 2018ko martxoan, bere bikotekidearen 13 urteko alabari sexu erasoa egitea leporatuta. Fiskaltzak 11 urteko kartzela zigorra eskatu du, haragitzez gauzaturiko sexu-abusua egotzita; akusazio partikularrak, berriz, 15 urteko espetxe zigorra eskatu du, sexu erasoa egotzita, eta defentsak, azkenik, absoluzioa eskatu du.

Bere bikotekidearen alabari ustez sexu erasoa egiteagatik atzo epaitutako gizonak epailearen aurrean aitortu zuenez, adingabeari ukituak egin zizkion; ukatu egin zuen, ordea, bortxatu egin zuela. Auzitegiko txostenek nabarmendu dutenez, neskatoaren ebidentziak eta kontakizuna «bateragarriak dira penetrazioarekin».

Deklarazioan, akusatuak aitortu zuen 2018ko martxoaren 28ko gauean etxebizitzan zegoela bikotekidearen alabak bere ardurapean zituela, lanean ari zela gaineratuz. Gaueko hamaikak aldera, «soinean galtzontzilloak bakarrik» zituela adingabearen ohean etzan zen, pijamaren galtzak jaitsi zizkion eta «ukituak egin zizkion baginaren kanpoko aldean eta bularretan».

«Ez zen penetraziorik egon, nire eskuetan eiakulatu nuen, komunera joan nintzen, aurpegia urarekin garbitu, gelara itzuli eta barkamena eskatu nion, egin nuena izugarria zela konturatu nintzen-eta», azaldu zuen; «baginaren kanpoaldean semenaren transferitzea» egon zitekeela gaineratu zuen, baina «penetraziorik inoiz ez».

Biktimak bideokonferentzia bidez eta ateak itxita deklaratu zuen, eta akusatuari gelditzeko eskatu ziola esan zuen, honek ahoa estaltzen zion bitartean. Adingabeak ez zuen gertatutakoaren berri eman; hain zuzen, handik bi egunera, amak alabaren telefono mugikorra aztertu zuen, eta elkarrizketa batean alabak akusatuari haurdun ote zegoen beldur zela adierazten zion.

Adingabearen aitak, gertatutakoaren berri izan ondoren, bi egun geroago Gurutzetako Ospitalera eraman zuen, sexu erasoen protokoloa has zedin, eta handik ordu batzuetara Ertzaintzara jo eta salaketa jarri zuten.

Epaiketa epaiaren zain geratu ostean, akusatuak epaitegitik alde egin zuen, adingabearen senideen sumin oihuak entzunez, eta amak egoera hau «pasatzen ari diren guztiei isilik ez geratzeko» deia egin zien.