Haritz LARRAÑAGA
URRUÑA

Fijait fitxategian dagoen Peio Irigoien epaituko du Paueko Dei Auzitegiak

Fijait fitxategian sartuta dagoen Peio Irigoien preso ohia erruduntzat jo zuen Baionako Auzitegiak, «ezarritako neurriak ez betetzeagatik». Defentsak jarritako helegitea aztertuko dute bihar Paueko Dei Auzitegian. 150 euskal herritar baino gehiago daude Fijait zerrendan.

Terrorismoaren kontrako Fijait fitxategian sartutakoei ezarritako neurriak betetzen ez zituela-eta, hamar hilabeteko epean bere egoera erregulatzera zigortu zuen Peio Irigoien Baionako epaitegiak 2018ko urriaren 16an. Defentsak helegitea jarri zuen Beskoitzeko (Lapurdi) preso ohiaren errugabetasuna aldarrikatzeko, eta ondorioz, urtarrilaren 30ean epaituko dute Paueko Dei Auzitegian, Irigoien erruduna den ala ez erabakitzeko.

Paueko Dei Auzitegiak Irigoien errugabea dela erabakitzen badu, Baionako Auzitegiak ezarritako zigorra bertan behera geratuko litzateke. Irigoien errudun dela badio, ordea, Baionako Auzitegiak zein zigor ezartzen dion erabaki beharko du. Horregatik, Baionako auziak bere bidea jarraitzen du, baina Paueko erabakiaren menpe dago.

Martxoaren 31n entzunaldia izango du Irigoienek Baionako Instrukzio epaitegian, eta bertan, bere egoera «erregulatu» duen aztertuko du epaileak, baina ordurako, Irigoien errudun den edo ez argitu beharko du Paueko Dei Auzitegiak. Errugabea baldin bada, Baionako auzia bertan behera geratuko da, aldiz Pauen erruduntzat jotzen badute, Baionako epaitegiaren esku geratuko da azken epaia.

Neurri «zentzugabea»

Maritxu Paulus-Basurco abokatuak jakinarazi zuenez, Baionan «arazoaren muina» jarri nahi zuten erdigunean. Euskal presoei ezartzen zaizkien Fijait neurriak Konstituzioaren aurkakoak direla argudiatu zuen defentsak eta, hala, auzia Parisko Gorteetara eramaten saiatu ziren, baina epaileak ez zuen eskaria onartu eta auziak Baionan jarraitu zuen bere bidea.

«Oraingo epaiketan, fitxategi horiek Europako Giza Eskubideen Hitzarmenaren kontrakoak eta zentzugabeak direla demostratzea izango da ardatza», azaldu zion GARAri Maritxu Paulus-Basurco abokatuak.

Parisen 2015eko urtarrilaren 7an “Charlie Hebdo” astekariaren kontrako ekintza jihadisten ostean sortu zituen Estatu frantsesak Fijait fitxategiak eta zerrendetan euskal preso eta preso ohiak sartu zituzten. Paulus-Basurcok euskal presoak fitxategi horietan egotea burugabea dela iritzi dio.

Euskal presoen egoera erreala zein den ez dela kontuan hartzen salatzen du defentsak. Paulus-Basurcoren irudiz, «fiskaltzak erabakitzen du euskal presoak zerrenda horietan sartzea, baina zentzugabea da, zeren islamistentzat sortutako neurriak dira, hau da, islamista bat bere lurraldetik ateratzen denean detektatzea dute helburu neurri horiek, baina horrek ez du zentzurik euskaldunen kasuan, zeren euskaldunak, Bilbon edo Baionan bizi, oso ongi lokalizatuak daude, bizileku finkoa dute, lanean ari dira, zergak ordaintzen dituzte...».

Irigoien Baionan epaitu zutenean, Fiskaltzak ETA desagertu zela onartu zuen, baina akusatuak «arrisku bat» izaten jarraitzen zuela defendatu zuen prokuradoreak. Haren hitzetan, «Frantziako Estatuarentzat eta gizartearentzat Irigoienek mehatxu bat izaten jarraitzen du, zeren higiezinen kontrako sabotajeak eta mehatxuak oraindik ez dira desagertu».

Hortaz, Fijait araudiari uko egiteagatik Irigoien erruduna den aztertuko du Paueko Auzitegiak. Akusatuaren kontrako epaia berresten bada, oraindik helegitea jar dezake defentsak.

 

150 preso eta preso ohiri eragiten die neurriak

Fijait fitxategietan diren euskal herritarren kopurua zehaztea zaila dela dio Paulus-Basurco abokatuak, «batzuek ez baitakite zerrendan direla». Bere esanetan, Estatu frantsesean diren euskal presoen kasuan, «ia guztiak daude Fijait fitxategietan, soilik zinez aspaldi epaitu zituztenak geratzen dira zerrendatik kanpo».

Batez ere, Ipar Euskal Herrian bizi diren pertsonen egunerokoan dute eragina Fijait fitxategietako neurriek, izan ere, preso ohiek aldizka beren helbidea jakinarazi behar dute eta Estatu frantsesetik irten behar dutenean ere horren berri eman behar dute. Fitxategien erregistroak 20 urteko iraupena du eta lehen hamar urteetan aurrez aipaturikoak bezalako hainbat neurri bete behar ditu preso ohiak.

Euskal presoen abokatuak jakinarazi duenez orain artean lau preso ohi atera dituzte Fijait fitxategietatik eta beste kasu batean epailearen ebazpenaren zain dira. Guztiak Ipar Euskal Herrian bizi diren herritarrak dira. Horiez gain, beste bost pertsonari Fijait neurriak betetzeko epea amaitu zaiela jakinarazi diete.H.L