Andres OSA «SAKONA»
Urrezko aizkora

23 urtez azpikoen ekitaldia jokatuko da igandean Oñatin

Jokin Urretabizkaia-Julen Larrea III.a eta Ioritz Gisasola Zelai V.a-Suharri Rodriguez bikoteak arituko dira.

Igande eguerdian, 12.00etan, aizkolariak (gizonezkoak eta emakumeak) eta harri-jasotzaileak izango dira Oñatiko Foru Plazan, eguraldiak laguntzen badu; bestela kiroldegian.

Gizonezkoetan, 23 urte azpikoek gazte mailako Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako kanporaketa jokatuko dute. Neurketak honakoak izango dira: Jokin Urretabizkaia Basozabal eta Julen Larrea III.a Ioritz Gisasola Zelai V.a eta Suharri Rodriguez-en aurka.

Bigarren neurketan Hodei Ezpeleta eta Unai Zabala arituko dira Oier Kañamares IV.a eta Kañamares V.aren aurka. Sei enbor izango dituzte erlojuaren aurkakoan eta besteak iraupeneko neurketa jokatzeko izango dira.

Emakumeak ere plazaratuko dira Urrezko Aizkolarien banakako ekitaldi berri bat jokatzera. Maika Aristegi eta Itsaso Onsalo jardungo dira. Nerea Sorondo eta Irati Astondoa finalerako sailkatuta daude jada. Oñatiko saioko irabazlea pasatuko da finalera, hirukotea osatzeko.

Harri-jasotzaileen Urrezko Txapelketak ere badu tokia. Aimar Galarraga eta Urdax Magunazelaia arituko dira norgehiagoka. Erabiliko dituzten harriak 175 kiloko koadroa, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola dira.

Sokatira Berriozarren

Sokatiran, Euskal Herriko Goma gaineko Txapelketak azken ekitaldiak ditu. Munduko Txapelketak jokatuko dira Irlandan hil honen 20tik 23ra bitartean. Berriozarren, bihar 17.00etan, 560 kilotan gizonezkoak neurtuko dira, eta 500 kilotan emakumezkoek txapelketako azken jardunaldia izango dute.

Igandean, 11.30ean, Ezkabarten, 580 kilotan talde mistoek izango dute txanda. Egun bakarrean dute jardunaldia eta parte hartuko dutenak Ibarra, Beti-Gazte, Berriozar, Antsoain, Txantrea, Bizindar, Gaztedi A eta B dira. Horrela, Euskal Herriko Goma Gaineko sokatira txapelketek amaiera izango dute.

Meñakan idi-probak

Gaur, 21.00etan, kintopeko idi- demak izango dira. Iñaki Lopategi Billela, Akulete Arronategi eta Garagartza Elkarteak (Laukiz) parte hartuko dute.

Bihar, ordu berean, Tabernakua (Oromiño), Bizkiak (Errezil), Olazar (Lezo) eta Jon La Cruz (Gatika) neurtuko dira.

Proba mistoa, Ibarran

Bihar eguerdian, 12.00etan, Ibarrako Perurena Indusketa etxe aurrean lagunarteko erakustaldi dotorea izango da. Parte-hartzaileak: Eneko Saralegi eta Iban Garaiburu Erazkin Berastegikoak eta Txomin Amundarain eta Mikel Beralauzaran, Arribe eta Berrobikoak.

Bikote hauek egin beharreko lana hau da: 10 kana-erdiko ebaki txanda librean eta bost kilometro, 100 metroko borobilean, txanda librean. Sarrerarik ez da kobratuko, baina ekitaldiaren amaieran txapela pasatuko dutela iragarri dute.