GARA
DONOSTIA

55 urtetik gorako 60 parte-hartzaile baino gehiago Emakumeak Zientzian ekimenean

Emakumeak Zientzian 2020 programarekin jarraituz, 55 urtetik gorako emakumeei eskainitako “Amona’s Power” jardunaldia izan zuten atzo EAEko lau ikerketa-zentrok.

Oraingo honetan, CIC Biomagune, Materialen Fisikako Zentroa (CFM CSIC-UPV/EHU), Donostia International Physics Center (DIPC), Biodonostia eta Polymat ikerketa-zentroak bisitatu zituzten 60 parte-hartzaile baino gehiagok. Bertan, zentroetako ikertzaileen gidaritzapean, egun batez ikerketa-munduan barneratu ziren parte-hartzaileak. Gainera, egunerokoan aurki dezaketen zientziarekin jardun zuten, eta nahi izan zutenek irakatsi ahal izango dituzten esperimentuak egin zituzten.

Antolatzaileen esanetan, helburua «gizon helduak zientzia-erreferente gisa duen estereotipo nagusiarekin haustea, eta emakume horiek beren komunitateetan kultura zientifikoaren enbaxadore izateko gai sentitzea» da. «Zientzia-dibulgazioko eta kultur arloko ekitaldiak gaztetxoei zuzentzeko joera nabarmena da sarri, eta ez dugu ahaztu behar helduek, eta gero eta zaharragoa den biztanleriak, gure gizartean duten garrantzia», gaineratu zuten.

“Amona's Power” jarduera Emakumeak Zientzian 2020 ekimenaren baitan antolatu zuten, otsailaren 11n Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna izan dela eta.

Zientzia arloko erakunde hauek izan dira ekimena antolatu dutenak: CIC Nanogune, Materialen Fisikaren Zentroa (CFM CSIC-UPV/EHU), CIC Biomagune, Donostia International Physics Center (DIPC), Biodonostia, Tecnun-Ingeniari Eskola, Ceit, Polymat eta Elhuyar.