14/02/2020

Iturri zaharretik proposamen berritzaileak Bilboko Loraldian

Bilbon euskal kulturak leku berezia hartzen du Loraldiaren sasoian. Hiru astez, egunero ekitaldi ezberdinak loratzen dira. Kultura garaikidea, estreinaldiak, emanaldi bereziak eta diziplina asko elkartuz Loraldirako beren-beregi prestatutako saioak izango dira martxoaren 10etik 29ra. Hamaika desira, Loraldiaren seigarren edizio honetan.

Patxi GAZTELUMENDI|BILBO
0214_kul_loraldia

«Zuen ur barik hemen ez dago lorerik». Lurra Bilboko hamabost areto (Loraldiaren agertokiak) dira. Ura, berriz, ikus-entzuleak eta laguntza publikoak. Eta loreak, artistak. Udaberria kulturarekin batera helduko da Bizkaiko hiriburura. Eta azken bost urteotan bezala, aurten ere Loraldia kultur jaialdia “Hamaika desira” batuko dituen egitarauarekin osatuko da. 120 artista baino gehiago. 20 egun bete-bete. Hamaika arte diziplina. Hiri osoan zehar sakabanatuta dauden 15 areto. Euskal kulturaren eskaintza oparoarekin, literaturak, zinemak, arteak, antzerkiak, bertsolaritzak, dantzak eta musikak leku berezia izango dute Bilbon.

Loraldiaren aurkezpenean, antolatzaileek ondoan izan zituzten Bilboko Udaleko kultura zinegotzi Gonzalo Olabarria, Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputatua eta Aitziber Atorrasagasti Jaurlaritzako kultura saileko promozio zuzendaria. «Loraldia aukera paregabea da gure kultura zabaldu eta sustatzeko», azpimarratu zuen hitz egiten lehena izan zen Bilbaok. «Aukera, sortzaile eta artistentzat, euskal kultura gero eta presenteago egon dadin, eta aukera, emakumeen lana ikusgarriago egiteko», jarraitu zuen. Bilbo «Loraldia hartzeko prest dago», jarraitu zion Gonzalo Olabarriak. Loraldia «gozatuz» biziko duela adierazi zuen, «are gehiago euskaraz bada eta Bilbon bada», gaineratuz. Bilbon euskal kulturarentzako 15 gune egongo direla eta «Bilbo kultura maite duen hiria» dela azpimarratu zuen. Atorrasagastik, bere aldetik, Loraldiaren antolatzaileak zoriondu zituen eskolekin egiten duten lanagatik; «eskoletan egiten den lana azpimarratuko nuke, benetako transmisio lana da euskal kulturaren alde». Musikariek, aktoreek eta dantzariek ere aurkezpenean parte hartu zuten. Zuzeneko emankizunean, hitzezko aurkezpenen artean.

Lan berri ugari

Hiru asteotan denetarik ikusteko aukera egongo da Bilbon. Bob Dylanen kantuak euskaraz entzungo dira. Noam Chomskyk manipulazio estrategiei buruz idatzitakoak kantu bihurtu ditu Harkaitz Canok, eta Pettik musikatu. Miren Agur Meaberen poema berriak, Amoranteren musikarekin eta irudien proiekzioekin eskainiko dira “Nola gorde errautsa kolkoan eztulik egin gabe” ikuskizunean. Iparragirre kantaria omenduko dute emakume sortzaileek, jaio zeneko 200. urteurrenean. Mikel Antzaren testu antzeztuak Sarrionandia Fernando Pessoak atera zuela kartzelatik diosku. Mikel Urdangarinen kantaldia izango da Arriagan eta Alos Quartet taldearen 20. urteurreneko kontzertu berezia Euskalduna jauregian. Fermin Muguruzaren kantuekin belaunaldi berriagoek egingo duten kontzertua ere, azpimarratzekoa.

Aire ahizpen doinuekin, Euskal Herriko ardo eta gazta dastaketa egingo da egun batean, eta beste batean Agustin Xahoren bizitza kontatuko du Asisko Urmenetak. Thierry Biscary musikariak “Muda” lan berria aurkezteko baliatuko du Loraldia eta zenbait idazle beren liburu berriekin izango dira Bilbon. Metroko geltoki batean euskal idazleen obrak jendaurrean irakurri ahal izango dira, eta Xabier Montoiaren “Anfetamiña” poema liburuan oinarritutako Muga taldearen kantuak entzun eta bi film ikusi ahal izango dira Alondegian: “Muga deitzen da pausoa”, Maider Oleagarena, eta Ipar Euskal Herrian euskarak jasandakoei buruzko Josu Martinezen “Anti” lana. Martxoaren 27an, antzerkiaren nazioarteko egunarekin bat eginez, teatro-afaria izango da Miribillako Mirigorri elkartean, baita “Lurrun minez” lanaren estreinaldia ere, non «hiru marikaren arteko drama» kontatuko baita, Joseba B Lenoirren musikak lagunduta.

Ekitaldien berri izateko, sarrerak erosteko edota “lorazain” bihurtzeko aukera eskainiko du aurten ere Loraldia.eus guneak, euskal kultur sorkuntzaz gozatzen duen komunitate gero eta handiagoan.