Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Bozgorailua (II. atala)

Bestelakoa izan da komunitate latinoak Cummins-en “American Dirt” nobelari egin dion harrera. Berea ez den bizi esperientziaz jabetu eta haren kontura ekonomikoki profitatu izana leporatu diote idazleari. Era berean, AEBetan arras bazterturik dagoen talde etnikoari ahotsa eman beharrean hura lapurtu izana aurpegiratu diote. Izan ere, komunitate latinoak ez du bozeramailerik behar bere izenean hitz egin dezan; behar duena da bozgorailu bat bere ahotsa ozen entzun dadin. Tamalez, argitalpen industriak, herrialdeko gainerako industriek bezala, aukera gutxi ematen dizkie zuriak ez diren idazleei. Kuota sistema hutsa baino ez den dibertsitatearen leloari jarraituz, hiruzpalau egile kontratatzen dituzte (pertsona gutxi batzuk talde osoaren ordezkari balira bezala) eta horrekin nahikoa egin dutela uste dute. Oztopoak ez dira hor amaitzen. Idazle gutxi horiei eskatuko zaie ahalik eta “autentikoen” idaztea, eta hara non dagoen koxka: ez dago beraien esku zehazki zer den “autentikoa” esatea.

Komunitate latinoa ez da isildu, ez, eta protesten eraginez bertan behera utzi ditu argitaletxeak, Macmillanek, Cumminsek eman behar zituen hitzaldiak. Era berean, jarrera inklusiboagoa erakuste aldera, kontratupean dituen idazle latinoen kopurua handituko duela jakinarazi du. AEBetako PEN klubak ere gertaera honen aurrean bere jarrera zein den jakinarazi du: industrian dagoen diskriminazioa aintzat hartu arren, gogor kritikatu ditu Cumminsen kontrako erasoak eta elkarrizketaren zein sormen askatasunaren aldeko deia luzatu du.