GARA
NBA

All Star lehiatsuena Kobe Bryanten omenez

Egin ziezaieketen omenaldirik egokiena egin diete zendu berri den Kobe Bryant eta bere alabari Chicagon jokatu berri den All Star Game-n, aspaldian oroitzen den izarren arteko partidarik lehiatsuena jokatuz. Intentsitate eta grina gutxiko partidak izan dira azkenaldian era honetako partidak, baina bart gaueko lehia oso bestelakoa izan zen, batez ere 45 minutu iraun zuen azken laurdenean, eta azkenean LeBron James Los Angeles Lakerseko izarrak gidaturiko taldea nagusitu zen, hirugarren urtez jarraian, Giannis Team-ari 157-155 irabazita.

NBAko izarra omentzeko asmoz, izarren partida honek aldaketa nabarmenak izan zituen formatuan, eta estatubatuarrei horrenbeste gustatzen zaien moldean, emozioak behetik gora egin zuen, lehendabiziko hiru laurdenek ez zuten-eta azken emaitzan garrantzi handirik eta sartutako puntuak karitatezko elkarteentzat dirua biltzeko aitzakia baino ez ziren. Lehendabiziko hiru partzial horietako irabazleen puntu kopuruei 24, Kobe Bryanten zenbakia, batuta, talde batek irabazteko eskuratu beharreko puntu kopurua 157an jarri zuten eta, amaiera oso estu batean, Anthony Davis pibotak jaurtiketa libreen marratik lortutako puntuak eman zion garaipena bere taldekideak gidatutako multzoari.

Leonard, MVP

Ez zen hori izan Kobe Bryanten omenez egin zuten keinu bakarra; izan ere, orain arte jokalaririk onenari eman izan zaion MVP sariak ere Lakers taldeko mitoaren izena hartu du aurten eta Kawhi Leonard-ek, Los Angeles Clipperseko hegalekoak, irabazi zuen hori.

Kantxan aritu zen 20 minutuetan, bere taldeko erasoko jokoa zuzendu zuen 30 puntu sartuta. Denera jaurtitako 18 baloietatik 11 sartu zituen, tartean saiatutako 14 hirukoetatik 8, baita 7 errebote batu eta 4 asistentzia banatu ere.

Sartutako zortzi hiruko horiekin halako Izarren Partida batean inoiz jarritako markatik bakarrera geratu zen Leonard. «Sari honek asko esan nahi du niretzat, ezin dut hitzez azaldu. Zoragarria da Kobe Bryant MVP sari hau eskuratu izana. Koberi nigatik egin zuen guztia eskertu nahi nioke, elkarrizketak, entrenamenduak...».

All about NBA