GARA
BILBO

«Mi pequeño gran samurai» filmak Ekai Lersundi pantaila handira eraman du

Arantza Ibarrak Ekai Lersundi transexual gaztearen bizitza jaso du «Mi pequeño samurai» film laburrean, hainbat testigantza eta bizipenen bidez. Dokumentalaren helburua Ekai gogoratzea eta pertsona «trans»-en borroka aldarrikatzea da. Zinegoak jaialdian estreinatuko da hil honen 24an eta beste bi emanaldi ere izango ditu Bilbon.

“Mi pequeño samurai” film laburra Zinegoak-eko irekiera ekitaldian proiektatuko da. Programazioko beste zenbait lanek bezala (“Let there be light” edo ‘Tu me manques”), LGTBI+ kolektiboan oso presente dagoen suizidioaren gaiari ikusgarritasuna ematen dio.

Otsailaren 24an hasiko da Bilboko 17. Gay-Lesbo-Trans Zinemaren eta Arte Eszenikoen Nazioarteko Jaialdia. Arriagan egingo den hasiera ekitaldian estreinatuko da “Mi pequeño gran samurai” dokumental laburra, 2018an bere buruaz beste eginda hil zen Ondarroako Ekai Lersundi gazte transexualaren bizitza kontatzen duen lana.

Bilborock aretoak hartu zuen atzo dokumentala aurkezteko prentsaurrekoa, eta bertan izan dira Arantza Ibarra (film laburraren zuzendaria), Izaskun Arandia (ekoizlea), Ana Martinez eta Elaxar Lersundi (Ekairen ama eta aita) eta Zinegoak jaialdiko arduradunak.

Arantza Ibarrak azpimarratu zuen lanaren helburua ahalik eta jende gehienari laguntzea dela: «Ez dugu nahi gai honengatik heriotza gehiago egotea. Dokumental honekin ahal den guztia aldarrikatu, ikusarazi, normalizatu eta babestu nahi dugu, mugak apurtzen jarraitu». Hala nabarmendu du Ibarrak: «Elaxarrek eta Anak euren semearen alde borroka egiten dute, eta, beraiek bezala, euren egoera berean dauden guraso gehiago daude. Horientzat lagungarria izatea espero dugu, bakarrik senti ez daitezen».

Zuzendaria ere Ondarroakoa da eta gertutik ezagutzen du Ekairen historia. «Ideia horrela sortu zen: jakin nuen nire herriko lagun batzuek semea galdu zutela suizidioaren ondorioz, bizi zuen borroka etengabearen ondorioz. Gizarteak ipintzen zizkion traba eta arazo guztiei aurre egin behar izan zien. Ideia horrek barrua etengabe astintzen zidan, eta zerbait egiteko beharra sentitzen nuen. Hain inpotentzia handia sentitzen nuen, atera beharra nuela, eta bera bezala sentituko zirenei lagundu, ahal den neurrian».

21 minutuko dokumentalean, Elaxar Lersundi eta Ana Martinezen testigantzak jaso dituzte, baita Naizen adingabe transexualen familien elkartekoen eta Ondarroako hainbat bizilagunen testigantzak ere. Film laburraren zatirik handiena 2019ko otsailaren 15eko asteburuan filmatu zen, Ekairen omenezko egunean, hil eta urtebetera.

Pau Guillen Zinegoak jaialdiko zuzendariak nabarmendu zuenez, jaialdiaren aurtengo edizioaren helburuetako bat LGTBI+ kolektiboan ohiko den suizidioari ikusgarritasuna ematea izango da. Gai hori agertuko da, besteak beste, ‘Tu me manques’ eta ‘Let there be light’ filmetan, eta horien zuzendariak Bilbora gerturatuko dira lana aurkeztera.

Inaugurazio galakoaz gain, Arantza Ibarraren dokumentalak beste bi proiekzio ere izango ditu: martxoaren 3an, 17.30ean, Bilbao Arteko Art House zinema aretoan emango dute, eta martxoaren 6an, 18.00etan, Bilborocken.