GARA
BILBO

Garbitzaileak eta etxez etxeko laguntzako langileak, protestan

Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek hiru greba egun iragarri dituzte datozen egunetarako: otsailaren 27an, martxoaren 4an eta 5ean egingo dituzte geldialdiak eta protestak. Nafarroako garbiketen sektoreko langileek atzo egin zuten mobilizazioa soldata arrakalaren aurka. Gipuzkoako eraikin publikoetako garbitzaileak Martxoaren 8ko mobilizazioetara batuko dira. Emakume eta Gizonen arteko Soldata Berdintasunaren Eguna da gaur.

Emakume eta Gizonen Soldata Berdintasunaren aldeko Eguna da gaur. Generoagatiko soldata arrakala, baina, errealitatea da gure gizartean eta hori deitoratzeko, sektore feminizatuetako langileek mobilizazioak egingo dituzte datozen egunetan.

Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko beharginek, esaterako, prentsaurrekoa eman zuten atzo. Patronal eta udalen «immobilismoa» ikusita, hiru greba egun iragartzea erabaki dute ELA, LAB eta UGT sindikatuek. Azken hiru urteetan 40 greba jardunaldi baino gehiago egin dituzte hitzarmen berri baten alde.

Otsailaren 27an, martxoaren 4an eta 5ean 24 orduz geldituko dira Bizkaiko etxez etxeko langileak eta mobilizazioak ere egingo dituzte Bilbon; aurreneko egunean udaletxe aurrean, dagokion erantzukizuna bere gain hartzea eskatzeko, eta gainerako bi egunetan Arriaga plazan, herritarrak informatzeko.

Zortzi urte baino gehiago daramatzate soldatak izoztuta eta lan eskubideetan galerak sumatu dituztela ziurtatzen dute zerbitzuko langileek. Behin-behinekotasun tasa handia dago sektorean eta lanaldi partzialak ere ugariak dira. «Malgutasuna gero eta handiagoa denez, lanaren eta norberaren bizitzaren arteko kontziliazioa oso zaila bihurtu da», adierazi zuten.

Martxoaren 8ra begira

«Gatazka honen atzean emakumeok zapaltzen gaituen sistema oso bat dago. Sistemak emakumeok zaintza lanak ezeren truke egitera behartzen gaitu, bere biziraupenerako», kexatu ziren. Horiek horrela, eta Martxoaren 8a gertu dagoela kontuan hartuta, instituzioek berdintasunaren alde adierazten dituzten mezuak benetako edukiz hornitzea eskatu zuten.

Martxoaren 8an ere kalera aterako dira Bizkaiko etxez etxeko zerbitzuko langileak. Gauza bera egingo dute Gipuzkoako eraikin eta lokal publikoetakoek ere, soldata arrakalaren aurka; ELA, LAB, CCOO, ESK eta UGTren deialdiari erantzunez.

Gipuzkoan 5.000 garbitzailek osatzen dute sektorea eta horietatik %80 dira emakumeak. «Kale garbitzaileekin alderatuz –%80 gizonezkoak–, %28koa da soldata arrakala», adierazi zuten atzoko agerraldian.

Nafarroan, Cordovillan, protesta egin zuten –LABek deituta– garbiketen sektorean dagoen diskriminazioa agerian uzteko. Nafarroako Industria Elkartea (AIN) patronalaren parean mobilizatu ziren.

 

7.500 euro ingurukoa da EAEko soldata arrakala

EAEn emakume eta gizonen arteko soldata arrakala 7.500 euro ingurukoa dela ohartarazi du Emakundek. Gogoratu zuen «soldata diskriminazioa dela gaur egun emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasuna eragin eta betikotzen duen faktoreetako bat». EHUko Ekonomiako katedradun Sara de la Ricak eginiko ikerketaren arabera (“Genero-arrakala Euskadiko lan-merkatuan”), faktore honek %35eko eragina du.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langile bakoitzeko batez besteko urteko soldata 31.000 euro ingurukoa da gizonen kasuan eta 23.500 euro ingurukoa emakumeen kasuan. Sektoreak kontuan izanda, diferentzia handienak zerbitzuen sektorean izaten dira, hain justu, emakume gehien duen sektorean.

Emakundek dioenez, hileko soldatan ikusten den arrakala %24koa da: «Arrakala hori, alde batetik, lan egindako orduetan ikusten den arrakalak (%14) eragindakoa da eta, bestetik, orduko soldatan ikusten den arrakalak (%11) eragindakoa». GARA