Asier ROBLES
ERDI

ALDARRIZ ETA KOLOREZ BETERIKO ARATUSTEAK BILBON

BILBOKO ARATUSTEETAKO EGUN NAGUSIA IZAN ZEN ATZO. MOZORROEK BIZKAIKO HIRIBURUKO KALEAK HARTU ZITUZTEN. HERRI BAZKARIA, FANFARREAK, ERRALDOIAK, ANTZERKIAK, UMEENTZAKO TAILERRAK, MOZORRO KALEJIRA ETA LEHIAKETA ETA KONTZERTUAK EGON ZIREN, BESTEAK BESTE.

Inauterietan murgildu da Euskal Herria asteburu honetan. Egun hauetan mozorroak eta jai giroa izango dira nagusi hainbat udalerritan. Horien artean dago Bilbo, eta atzo izan zen aratusteen egun nagusia bertan.

Eguerdi aldera hasi zen jaia Plaza Biribilaren eta Albia lorategiaren artean kokatutako jaigunearen irekierarekin. Fanfarreak eta erraldoiak Bilboko Kale Nagusia eta inguruko kaleak alaitzen hasi ziren, eta Zabalgune plazan umeentzako jolasak, tailerrak eta ikuskizunak egon ziren egun osoan. 12.15ean, Euskal Herriko Aratusteak desfilea hiriko erdialdeko kaleak hartzen ari zela, Gune Gastronomikoa ireki zuten Plaza Biribilean. Besteak beste, nekazarien azoka egon zen bertan, eta hainbat pintxo eta jaki dastatzeko eta erosteko aukera egon zen. Gastronomiarekin jarraituz, 15.00etan ehunka pertsona Albian batu ziren bazkaltzeko.

Panpotx kultur elkarteak “Itsasoan” familia ikuskizuna eskaini zuen Zabalgunean.

Kalejira koloretsua

Behin sabela bete eta indarrak batuta, 17.00etan kalejira eta mozorroen lehiaketa hasi zen. Plaza Biribiletik Albiara izan zen ibilbidea, eta epaimahaia erdian kokatu zen. Parte-hartzaile gehienak konpartsak edo taldeak izan ziren, baina pertsona batzuek indibidualki ere hartu zuten parte. Kalejira oso koloretsua eta dibertigarria izan zen eta, beti bezala, ez ziren aldarrikapenak eta salaketak falta.

Bizizaleak konpartsa ekologistak Supersur autobidearen luzapenaren aurrean Bolintxu harana babestea aldarrikatu zuen animaliaz beteriko ikuskizunarekin. Otxarkoaga auzoko Pa...Ya! konpartsak apustu etxeen kontrako protesta egin zuen, Hontzak konpartsa anarkistak ustelkeria salatu zuen; Piztiak animalistak haragirik gabeko sukaldaritzaren alde egin zuen, eta Algara eta Hau Pittu Hau konpartsek euskara aldarrikatu zuten. Kaskagorri gazte konpartsakoek 2020ko futbol Eurokopa Bilbon jokatzearen kontra egin zuten, futbolin bat irudikatuz.

Musikak ere leku garrantzitsua izan zuen arratsaldean. Mugalari taldeak Albian eskaini zuen kontzertua eta kalejirako partaideak, ibilbidea bukatu ahala, haren doinuekin dantzan hasten ziren. 19.30ean Lekittoko Deabruek plaza Biribiletik Zazpikaleetara jaitsiera alaitu zuten piroteknia eta guzti.

Jarraian, Farolin eta Zarambolas pertsonaiak Zazpikaleetan ibili ziren giroa alaituz. 21.30etik aurrera Passarela Orkestra taldeak Aratusteetako Dantzaldi Nagusia eskaini zuen Plaza Barrian. Eta hortik aurrera, alde zaharreko kaleetatik jarraitu zuen festak ordu txikietara arte.

Gaur Plaza Barrira eta Areatzara mugituko dira ospakizunak. Gargantua, erraldoiak eta buruhandiak egongo dira goizean eta, arratsaldean, Beti Jai Alai dantza taldeak “Bilbo dantzaz mozorrotzen” ikuskizuna eskainiko du. Plaza Barrian indaba lehiaketa eta herri bazkaria egingo dira.