Patxi GAZTELUMENDI
bilbo

Iparragirreri bidalitako gutunak eta bere kantuak Loraldian

«Iparragirre. Bihotzeko Jose Mari» lana taularatuko da Urretxun martxoaren 10ean eta Bilboko Arriaga antzokian biharamunean, Loraldia jaialdiaren barruan. 200 urte beteko dira abuztuaren 12an Iparragirre jaio zela, eta ekitaldiak antolatu dituzte urte osoan zehar.

Tanttaka Teatroa eta Demode Quartet elkarlanean aritu dira Urretxuko bardoaren bizitza taula gainera ekartzeko. Bere kantu ezagunak moldatu eta gaurko estilo eta erritmoetara ekarri dituzte Demode Quartet taldeko musikariek, eta kantuei Iparragirre maite izan zuten emakumeen gutunak gehitu dizkiete antzezpenean.

Fernando Bernues zuzendariak Arriaga antzokian egindako aurkezpenean azaldu zuenez, Bergarako maitasun gutunen lehiaketan saritutako Iñigo Legorbururen “Ameriketatik” idazlanak jarri zuen abiapuntua.

Legorburuk fikzionatutako gutunean, Uruguain Iparragirrek utzitako emaztearen kontuak aipatzen dira. Eta bina gutun atondu dituzte Legorburuk berak, Arantxa Iturbek eta Aizpea Goenagak. Guztira sei gutun eta Jose Mari Iparragirreren beraren dozena bat kantuk osatuko dute “Iparragirre. Bihotzeko Jose Mari” antzezlana. «Begirada hurbila agertu gura izan dugu, ez ikuspegi etnografikoa landu», zehaztu zuen Tanttaka Teatroko Bernuesek. «Izan ere, historiako lehen hippya izan daiteke gure Iparragirre», munduan zehar gitarra lagun kantari aritu zen, batetik bestera; baina bizitzaren amaiera tragikoa izan zuen gerora, «bakardadean, miserian eta prekaritatean bukatu zuen», Bernuesek gogoratu zuenez.

Kantuan eta eskutitzen taula gaineko interpretazioan hiru aktore arituko dira Loraldiaren ekoizpen honetan: Joli Pascualena, Ane Gabarain eta Ainara Ortega. Hirurak ere musika eta antzerkia uztartzen luzaroan ibilitakoak. Zuzeneko musika, Anjel Unzuren eskuetan egongo da, gitarra lagun.

Kantuen moldaketak

Demode Quartet taldeko Iker Huitzi eta Joli Pascualena arduratu dira Iparragirreren kantuak egungo erritmoetara moldatzeaz. «Barruan eta bihotzean dauzkagun kantuak dira, eta erronka polita izan da gure garaira ekartzea», Joli Pascualena kantari eta aktoreak gogora ekarri zuenez. Kantuok ez dute, baina, beren esentzia galduko, eta horretarako galdera bat paratu zuten: «Nola sortuko lituzke Iparragirrek kantu horiek gaur egun?». Eta horrela kantu bakoitzak bide berri bat hartu du; pop, blues, tangoa, charleston eta ska musika nahastuz edo rap doinuen tankera hartuta. «Guk ere Iparragirreren ikuspegi intimoa eta emozioz betetakoa, beste jarrera bizizalearekin ere uztartu dugu», zehaztu zuen Pascualenak.

Aurrestrenaldia Iparragirreren sorterrian egingo dute martxoaren 10ean, Urretxun. Bilboko Arriaga antzokiak estreinaldia hartuko du biharamunean, Loraldia jaialdia hasi berritan. Urretxuko Udalak eta Loraldiak bultzatutako ekimen hau ez da izango Iparragirre omentzeko egingo den ekitaldi bakarra. Urretxun urte osoan zehar landuko dute Iparragirreren figura, eta haren izena daraman kalean, museo berezia atonduko dute. «Museo kalea izango da», aurreratu zuen Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotzi eta aurtengo ekitaldien koordinatzaileak.

Gaur egun Iparragirre kalea den horretan sortu zen Jose Mari duela 200 urte, eta kalean osatuko dute museoa. «Gaurko tresna eta aukera teknologikoak baliatuta, kalean oinez gabiltzala bisitatuko ditugu toki ezberdinak, eta bisitariak aukera izango du Iparragirreren bizitza eta kantuak ezagutzeko».

Irailaren 5ean berriz, Urretxu XIX. mendera itzuliko da. Garaiko itxura hartuko du herriak, orduko arropak jantziko dituzte herritarrek, eta gainera Iparragirre gaitzat duen herri antzerkia egingo dute egun horretan.

Sortzez urretxuarra izan arren «munduko herritarra» izan zen Iparragirre. Bilborekin eta Euskal Herriko beste herri askorekin harreman estua izan zuen eta urte osoan hura gogoratzeko parada izango da.