GARA
BILBO

Madrilek ez du inolako ikerketarik egingo Aldana tabernan jazotakoari buruz

Duela berrogei urte, 1980ko urtarrilaren 20an, Alonsotegiko Aldana tabernaren kontra izandako atentatuak Euskal Herri osoa hunkitu zuen. Lau lagun zendu ziren bertan –Liborio Arana, Pacifico Fika, Maria Paz Armiño eta Manuel Santacoloma– eta, jazotakoa GAE izeneko taldeak bere gain hartu zuen arren, hasiera-hasieratik Polizia espainola ikusi zuten herritar askok leherketaren atzean.

Edonola ere, inor ez dute kasu horregatik epaitu eta ekintza parapolizial horrek zigorrik gabe jarraitzen du. Eta halaxe jarraituko du Gobernu espainolaren esku badago. Izan ere, atentatuaren 40. urteurrenean EH Bilduko diputatu Jon Inarrituk galdetu dio gertatutakoa argitzeko asmorik baduen, atentatuari buruzko informazio konfidentzialik badagoen eta Barakaldoko polizia-etxeko zenbait arduradunek jokatu omen zuten paperari buruzko ikerketa abiatuko ote duen. Izan ere, urte hauetan guztietan askotan aipatu izan da komisaria horretakoak izan zitezkeela arduradunak.

Gobernuak oso erantzun laburra eman die galdera horiei. Bere garaian abiatutako –eta inora eraman ez zuten– ekinbide polizial eta judizialak zerrendatzen ditu, eta horrekin batera «froga edo zantzu berririk agertuko balitz» Poliziak eta epaileek «gertatutakoa argitzeko eta arduradunak atxilotzeko egokiak diren ikerketak» hasiko lituzketela esaten du. Besterik ez.