27/02/2020

«Berari ez zegokion lana» egiten ari zen Murgan hildako langilea

Murgako Zorroza enpresan astelehenean jazotako lan istripu hilgarria gaitzetsi zuen atzo gehiengo sindikalak. Asteartean eman zuten 30 urteko langilearen heriotzaren berri eta datu berriak atxikitzen joan dira sindikatuak. ELAk adierazi du denbora gutxi zeramala enpresan lanean eta LABek ezin izan zuen ziurtatu kontraturik bazuen ala ez.

GARA|MURGA
0227_eko_zorroza

Urtea hasi denetik bederatzigarren astea bete den honetan, Euskal Herrian hamahiru langile hil dira beraien lanpostuetan edo lantegitik bueltan izandako istripuetan. Beste bi langilek hiru aste daramatzate desagertuta Zaldibarko zabortegian jazotako luiziaren ondotik.

Azken lan istripua astelehenean gertatu zen, Murgako Zorroza enpresan (Aiara), zaborren kudeaketaz arduratzen den faktorian. 30 urteko langilea lau metroko altueratik jausi zen. ELAk adierazi zuenez, «denbora gutxi zeraman hondakin ez-arriskutsuak biltzen eta birziklatzen dituen enpresa honetan lanean». Aurten Araban hil den laugarren langilea da.

Istripua astelehenean gertatu zen, 17.30 aldera, baina ezbeharraren berri asteartean eman zuten sindikatuek. Murgan jazotako istripu hilgarri hau atzo gaitzetsi zuen gehiengo sindikalak; eguerdian, enpresaren aurrean eginiko elkarretaratzean eta arratsaldean, berriz, Amurrion iragarritako mobilizazioan. CCOOk Gasteizen SEA patronal arabarraren egoitzaren parean egin zuen mobilizazioa.

LABeko iturriak GARAri adierazi zionez, ez dakite langileak kontraturik ba ote zuen ala ez, ez eta non bizi zen ere. Zorroza lantegiko beharginek lanean jarraitzen dutela adierazi zuen eta ez zirela mobilizaziora batu. Ateak itxi eta barruan segitu zutela azaldu zuen eta, beraz, ez dutela beraiekin harremanik izan. Zuzendaritzarekin ere ezin izan dute kontaktatu.

Zendu den langilearen anaiak Faesnor enpresan egiten du lan, Zorrozaren parean dagoen lantegian, hain zuzen. Istripua jazo zenean Gurutzetako ospitalera joan zen eta ordutik bere berririk ez dutela izan jakinarazi zion iturri honek GARAri.

Osalanen arabera, lauzpabost metroko garaieran uraren zorrotena konpontzen zebilela izan zuen istripua; hau da, «berari ez zegokion lana egiten ari zenean», zehaztu zuen LABek.

Irregulartasunak

Zorroza enpresan gertatzen diren irregulartasunen berri eman zuen LABek: 10 orduko lanaldiak, soldata baxuak, fitxatzeko sistemarik eza, lan-erritmo altuak... Segurtasun arloko hutsegiteak sumatu dituzte «enpresak ez dizkielako langileei beharrezko ekipamenduak ematen eta langileek ez dutelako prestakuntzarik jasotzen laneko arriskuen prebentzioan».

Gerenteek langileei hitzezko tratu txar jarraituak ematen dizkietela eta eraso fisiko bat ere izan dela ohartarazi zuen sindikatuak.

Azken zortzi hilabeteetan Aiaraldean hil den laugarren behargina da. LABen aburuz, Aiaraldea gogor kolpatzen duen «epidemia da prekaritatea». Zorrozaren alboan dagoen Tubos Mecanicos Norte-ko lantaldeak greba mugagabea hasi zuen hilaren 10ean eta Garobeleko langileen etorkizuna airean dagoela gogorarazi zuen.