27/02/2020

Lander Garro
Idazlea
Erori aurretik

Anais Ninen eta Henry Millerren istorioak irakurriz erabaki zuen artista izatea. Ardurarik gabeko bizitza, ardoa, laztanak, bizitza bat behin-behinekoa: la joie de vivre. Argazkiak egiten hasi zen laborategi zahar batean, gero poesiak idatzi zituen, eta filmak egiten amaitu zuen, Man Ray imitatu nahian edo. Bitartean, ametsak oso norabide errealista hartu zuen, errealitateak izan ohi dituen gauza txar guztiekin: inkonprentsioa, nahi adina txalo eta maitasun ez jasotzea, fakturak. Halabeharrak eta arteak bat egiten duten bidegurutzean, galdu egiten dela artista: horixe ikasi zuen. Eta arteaz mozorrotuta ere, une batetik aurrera egiten denak zerikusi gehiago daukala ekonomia den gurpil gupidagabearekin, barrendik ateratako zinezko uztarekin baino. Groteskoa da artista sentitu ez eta, finean, artista ez den artista: mundu hau zuritzen du. Artea posible dela sinestarazten digun mundu hau, mundu bat non 7.000 ertzain eta zero idazle bizi diren diru publikoaz. Terapeutak esan omen zion: serotonina zoriona da, adrenalina zorionaren bilaketa urduria. Serotoninak bakea dakar, adrenalinak gerra. Beti azkarregi, beti goregi ibili behar hori, deskonektatua, galdua, antzua. Duela asko ez dut ikusi nire lagun artista. Ez dauka denborarik niretzat. Ezta beretzat ere. Han goian dabil hemen dagoela sinetsita. Ea erori aurretik ohartzen den.