Igor FERNANDEZ
Psikologoa
KRISI BATERAKO PSIKOLOGIA

Beldurra eta ardura

Nire benetako beldurra nire ama da. 89 urte ditu eta zaintzailearekin bizi da. Ni eta nire ahizpa txandaka joaten gara egunero berarekin egotera eta zaintzaileari atseden pixka bat ematera. Baina zalantzak ditugu, zeren kutsatzen badugu? Eta gaixotzen bada? Telebistan egunero ikusten ari garena ez da batere samurra, gure senideak bakar-bakarrik hiltzen ikusten ari gara, senideak gertu izan gabe... Ez dakit nola bideratu beldur hau. Ondo egiten ari gara bere etxera joanez? Zer zaila den dena.

Arantza (Donostia).

Bai, zaila da, jakina, eta hemen idazten duguna idazten dugula zaila izaten jarraituko du. Ulertzen dut zuen kezka, batez ere egunero joaten bazarete, nahiz eta suposatzen dudan zuen neurriak hartuko dituzuela.

Beldurra emozio garrantzitsua da orokorrean, eta bereziki egun hauetan, guztiok arriskutik babesten gaitu eta. Eta badakit beldurra gure eszenatokitik urrundu eta neurrigabeko bihurtzen dela han eta hemen entzuten dugun horren guztiaren menpeko bihurtzen garenean.

Garrantzi handia du informazioa erabili eta gure kasuan aplikatzeak, gehiegizko alarma alde batera utziz baina gurearen gaineko ardura hartuz, alde on eta txarrak desberdinduz. Badakit ere beldurra ezin dela ekidin eta erabakiak hartuz, planak eginez eta berari buruz hitz eginez gutxitzen dela. Ez dago beldurra erabat desagerraraziko duen ekintzarik; beraz, aukeratu egin behar da eta ondoriozko beldurra onartu... Ez daukagu beste biderik.

Oso neurri gogorrak hartzen ari gara ezezaguna den mehatxu bati aurre egiteko, arriskua benetakoa baita, baina, noski, ondorio emozionalak ditu guztiongan. Hau esanda, ez dakit zure amak zuekin kontaktua izatea eskatzen duen edo nola daraman isolamendu hau.

Posible bada, galdetu diozue berari zer nahi duen? Eta posible ez bada, nik hau proposatuko nizueke: amak bere osasun fisiko eta mentala mantentzeko egunero aurrez aurreko kontaktua izatea (bai zuena, bai berea) ezinbestekoa ote den hausnartzea. Edota kutsatzeko aukera hori asumitzen ari ote zareten, bere bizitzako une honetan onura handiago baten mesedetan. Hori zuek soilik hausnartu behar duzue, zuek eta zuen amak. Eutsi.