GARA
GASTEIZ

Udaberriaren etorrerak berriro elurra ekarri du berarekin Euskal Herrira

Udaberrian sartuak gara. Ordutegia ere aldatu digute. Baina atzo elurra izan genuen Euskal Herriko hainbat txokotan. Nafarroan, adibidez, A-15 autobidean kontuz gidatzeko gomendioa luzatu du Foruzaingoak. Kateak beharrezkoak ziren Opakuan eta Herreran, Araban.

Ipar eta ipar-ekialdeko haize zakarra ibili zen atzo eta tenperaturak ez zuen 4-8 gradutik gora egin. Barnealdean eta mendi inguruetan izotza egin zuen eta elurrak zuritu zituen Euskal Herriko haranak. Gasteizen, esaterako, elurra mara-mara bota zuen, eta kostaldeko udalerri batzuetan ere malutak ikusi zituzten –asko izan ez arren–, edo elurbustia behintzat.

Gauzak horrela, Euskal Herriko errepideetan ere elurra izan genuen. Negu epela izan dugu eta orain arte errepideak garbitzen dituzten ibilgailuek ez dute lan askorik izan. Atzo, ordea, atzera eta aurrera ibili behar izan zuten.

Nafarroan 300 metrotik gora izan zuten elurra, eta errepideak garbitzeko 24 makina ibili ziren lanean. Pagozelain, adibidez, bidea zuritu egin zen, eta foruzainek arreta berezia eskatu zuten gidatzerakoan. Izan ere, egun hauetan trafiko gutxi egon arren istripu arriskuak hor jarraitzen du.

Lakuako Gobernuaren arabera, kateak beharrezkoak izan ziren Opakua eta Herrera mendateetan, Araban. Eta makinek lanean aritu behar izan zuten A-15eko Gipuzkoako zatian eta Barazarren ere. Istripuei dagokionez, bi auto errepidetik atera ziren AP-8 autobidean, Mendaron eta Eibarren.

Gaurko eguraldia

Gaur tenperaturak gora egingo du, arratsaldetik aurrera. Goizean, penintsula barnealdetik iritsiko den fronte bero batek prezipitazioa utziko du, bereziki hegoaldean, eta goizean goiz elurra botako omen du leku askotan.

Euskalmetek iragarri duenez, alabaina, egunak aurrera egin ahala, elurraren mailak gora egingo du; arratsalde amaierarako 1.000 metroren inguruan kokatuko da. Arratsaldean, euri giroak jarraipena izango du, eta batez ere hegoaldean izango dira prezipitazioak.