GARA
DONOSTIA

Tekniker eta Erlo Group makina automatizatu bat garatzeko lanean ari dira

Tekniker teknologia zentroa eta Erlo Group elkarlanean ari dira ‘‘Interceptor’’ soluzioaren garapenean. Makina konektatua eta automatizatua izango da, hariaren kalitatea denbora errealean kudeatu ahal izateko. Azpimarratzen dutenez, ekoizpen kateetan akatsak dituzten hariak garaiz detektatuz gero, enpresek kostuak murriztu egingo dituzte, orain arte eskuz egindako jarduera automatizatu egingo baita.

Prentsara bidalitako oharrean azaldu dutenez, Erlo Groupek, zulatzeko eta hariztatzeko produktibitate handiko soluzio zainduetan espezializatuak, antzeman du hariaren kalitateari buruzko informazioa lortzeak «berebiziko garrantzia duela hainbat sektoretako bezeroentzat, hala nola automobilgintzan edo aeronautikan».

«Informazio hori denbora errealean eta hodeian eskuragarri egoteak kalitate txikiagoko harien detekzio goiztiarra, ekoizpen katean kostuak murriztea eta eraginkortasunean irabaztea ahalbidetzen du, besteak beste», nabarmendu du. Tekniker Basque Research and Technology Alliance (BRTA) elkarteko kidea da, eta ‘Big Data’ bezalako teknologiak integratzen dituen makina konektatu bat garatzeko elkarlanean ari da Erlo Groupekin. Proiektu honekin, berrikuntza teknologikoa sustatuko dute taldearen produktu eta zerbitzuetan.

Zehazki, hari egiaztagailu bat da. «Hodeian datu eskuragarriak eskaintzen dituena, eta denbora errealean monitorizatu daitekeena». Horrela, makinak «informazio kritikoa eman ahal izango die bezeroei, prozesuen eraginkortasuna hobetzeko», adierazi du.