Kepa Korta
Irakasle eta ikertzailea
JOPUNTUA

Superstizioa

Jainkoa badela sinets ezazu, badaezpada ere; jainkoa existitzen bada, salbazioa lortuko duzu; existitzen ez bada, ez duzu ezer galduko. “Pascalen apustua” esaten zaio Jainkoaren existentziaren aldeko Blaise Pascalen argudio horri. Beti iruditu zait sinestuna izateko argudiorik limurtzaileena, baina ez nau sekula konbentzitu.

Ez naiz sekula superstiziosoa izan. Saiatzen naiz, hala ere, maite dudanari balberik ez ekartzen; oso argi baitaukat, batzuetan, politika gai potoloetan bereziki, balbea daukadala. Ez dizuet porroten zerrenda idatziko, baina kontua ez da kausa galduen alde egiten dudala, ezpada kausek galdu egiten dutela ni batzen banatzaie.

Horregatik, isilean mantendu dut azken urteetan Bernie Sandersen aldeko jarrera, zer gerta ere. Orain lau urte isilik geratu nintzen Sandersen sozialismoan deabru komunista ikusi edo Hillary Clintonen aldeko argudio sasifeministak zabaltzen zituztenen aurrean. Clintonek irabazi zuen. Isil-isilik egon naiz oraingoan ere, eta badakizue emaitza.

Ez dago modurik. Alferrik da. Isilik egonda ere, ni zerbaiten edo norbaiten alde egotea nahikoa da berau galtzaile ateratzeko. Garbi daukat: gaurtik aurrera, ez dut uste Sandersen oinarri-oinarrizko mugimendu eraldatzailea denik AEBetako (eta ondorioz, hein handi batean, munduko) esperantza bakarra. Ez dut uste, inondik inora, Alexandria Ocasio-Cortez, Ayanna Pressley, Rashida Tlaib eta Ilham Omar mugimendu horren ordezkari ezin hobeak direnik. Aitzitik, uste dut Trump dela aukerarik onena han. Eta EAEn horrela jarraitzea dela onena; ez legebiltzarrik, ez hauteskunderik, eta EAJ-PSE koalizio iraunkorra gobernuan. Uste dut zahar etxe pribatu gehiago behar dugula; ospitale pribatu gehiago. Eta ez liratekeela gaizki etorriko militar gehiago Iruñeko Alde Zaharreko kaleetan. Uste dut, berebat, hobe litzatekeela kulturgileak greba etengabean baleude (zertan igarriko genuke, ba?) Presoak ere, zertarako nahi ditugu etxean? Itxialdian egoteko?

Egin oihu nirekin: Gora AHT! Gora Zubietako errauskailua eta presondegitzar berria! Segi denok etxean (haurrak, batez ere)!