Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Normaltasunarekin talka

Maskarilla zapaldu bat topatu dut etxe atarian eta zurekin akordatu naiz, Ainhoa. Leihoei txaloak agortu zaizkien eraikin horietako bat da gurea eta sarreran botata aurkitu dut. Maskarilla zapaldu bat. Orain aste gutxi lortzerik ez zen oihal preziatua, hamaika oinetako gupidagabek zapaldutako trapu bihurtuta. Maskarilla zapaldu bat, uneko metaforarik onena. Ditxosozko normaltasuna izanen da.

Zu ere txalo artean hartu zintuzten balkoian, herriak emandako atezain bikain gisa. Baina goitik aritu arren, behekoa zara zu, plazetakoa, eta, zure hitzak normaltasunarekin talka egiten duten horietakoak direnez gero, txistu batzuk ere entzun ziren txupinazoaren jaurtiketan. Gero, zapi more urratu bat ikusi nuen lurrean botata. Orain eskularruak eskegi dituzu, baina kasik ez du oihartzunik izan zure agurrak. Normaltasunari helduz, beste batzuei egokitu zaizkie, testak bezala, titular handiak ere.

Krisialdiak sistemaren funtzionamendu ahul, trakets eta injustua agerian utzi badu ere, ezer ikasi ez bagenu bezala itzuli nahi dugu normaltasunera. Eta sistemarekin talka egiten dutenei oldartzera bidali dute Polizia. Baina talka egiten jarraituko dute eta orain frontoian arituko den Ainhoa bezalako aliatuak izanen dira. Akaso, pilotaren bat edo beste bueltan etorriko zaie oldartu diren horiei.