Ane URKIRI ANSOLA
GASTEIZ

Bertoko artisau-ardoa hauspotzeko une aproposa

Arabako EH Bilduk mozio bat aurkeztu berri du Batzar Nagusietan, Aldundiak ardogintza sektoreari, eta batez ere upategi txikiei, arreta berezia jar diezaien. Mahats bilketarako irizpide zehatzak eta langileen baldintza duinak eta osasuna bermatzeko neurriak eskatu ditu. Sektorea birpentsatzeko eta ekoizpen zein salmenten ereduaz hausnartzeko garaia dela uste du. Iritzi berekoa da Itxaso Compañon, El Mozo Wines upategiko arduraduna.

Arlo ekonomikoan gutxi izango dira koronabirusak gogor kolpatu ez dituen sektoreak. Osasun krisi honek arrasto ekonomiko handiak utziko ditu. Dagoeneko nabaritzen hasiak dira asko eta asko. Bizitzak bere erritmoa duen bezala, naturak ere berea du eta, gainera, ez dago hori gelditzerik. Mahastiek beren bidea egiten dute, kanpoan pandemia bat gainditzeko ahaleginean gabiltzan bitartean. Hori horrela, ardogintza sektoreko arlo guztiak kezkatuta agertzen dira, mahastien jabeengandik hasi eta upategietaraino.

Arabako Errioxako ardogintzan %40-50eko galerak izango direla aurreikusten du sektoreak, upategiekin eginiko inkesta baten ondotik. Ardoa artisau eran ekoizten duen El Mozo Wines familia-upategiko arduraduna da Itxaso Compañon. Oraindik ez daki urte honetan zenbaterainoko galera izango duen, baina «egoera oso gogorra» dela ziurtatu du.

Krisi honek upategi txikiei gogorrago joko diela ziur dago eta, horri aurre egin ahal izateko, dei egiten die erakunde publikoei Araban hain garrantzitsua den sektoreari balio erantsi bat aitor diezaioten. «Bizirik mantentzen dugu herrialdea», esan du Compañonek.

Ideia hori esku artean hartuta, Arabako EH Bilduk mozio bat aurkeztu berri du Batzar Nagusietan. Foru Aldundiak, krisiaren testuinguruan, eta upategi txiki eta familiarretan arreta berezia jarriz, laguntza bereziak eman ditzala eskatu du koalizio abertzaleak.

Era berean, mahats bilketarako neurri zehatzak eta langileen lan baldintza duinak eta osasuna bermatzeko neurriak exijitu ditu mozioan.

Naturaren zikloa

Ardogintza sektoreko arlo ezberdinak, ezinbestean, bata bestearen menpe daude eta horren adierazgarri da, esaterako, Jesus Bauza UAGA Arabako Nekazarien Elkarteko bozeramaileak GARAri eman dion datua: «Mahastizainen %25 oraindik iazko mahats uzta kobratu gabe daude». Hau da, upategiek ezin izan dute ordaindu iazko ardoa egiteko erabilitako mahatsa.

Martxoaren erdialdean ostalaritza sektore osoak negozioak itxi behar izan zituen, eta upategien merkatuaren zati handi bat hartzen dute horiek. Botilak ezin salduta, ezinbestean diru-sarrerak murriztu zaizkie ardogileei eta, beraz, iazko zorrak ezin ordainduta dabiltza.

Esan bezala, naturak ez du aintzat hartzen merkatuaren erritmo aldakorra. Orain bertan, kimaketa berdea egiteko garaia da. Honek 20-25 egun irauten du. Ez da oso luzea, baina mugikortasunean ezarri diren neurriak direla-eta, zailtasunak dituztela azaldu du Bauzak. Gainera, langileei ordaintzeko arazoak izango dituzte.

Bauzak familia-upategi bat ere badu –Bodegas Bauza– eta salmenta modu berriak aurkitzen saiatu diren arren, oztopo asko aurkitu dituztela adierazi du. Salmenta zuzenarekin aritzea pentsatu dute, baina paketeak egiteko kostuekin irabaziak asko murrizten direla dio. Gainera, beren ardoa «gaztea» izanda, ez daki bezeroak zenbateraino egongo liratekeen prest etxera eramateagatiko gehigarria ordaintzeko.

Kontrako aldean dugu Itxaso Compañon. Bi hilabete hauetan zuzeneko salmentari probetxua atera diola dio, betiere beharrak bultzatuta. «Guk saltzen dugun %75 atzerrirako izaten da», zehaztu du. Ehuneko hori ez da geratu zeroan, zerbait mantentzea lortu omen du, oso gutxi izan arren.

Hori horrela, lehen ere nahikoa lan egiten bazuen ere, bi hilabete hauetan banatzaile lanetan ere aritu da Itxaso Compañon. Bezeroek upategira deitu eta bertan jaso edo etxera eramateko eska dezakete.

Balio erantsia ematea

El Mozo Wines familiarteko upategi txikia den arren, bere ardoek Errioxako Jatorri Deitura Babestua dute. Bertako bilera batean zegoela jakinarazi zion GARAri, zehaztear baitzeuden izendapen hori izateko zenbateko mahasti sailak behar ziren.

Dena dela, «artisau eran ekoitzitako bertoko ardoa» hauspotu beharraz mintzatu zen lehendabizi. Kontu horretan jarri zuen azpimarra, bere iritziz, erosleen gain jartzen baita era artisauan edo industrialean eginiko ardoak ezberdintzeko ardura. Ez zaio bidezkoa iruditzen: «Niri ere zaila egiten zait ezberdintzea».

Hala ere, argi dio kontsumitzaileak baduela erantzukizunik «zein Euskal Herri eraiki nahi duen erabakitzeko garaian» eta, alde horretatik, artisau ardoak ezberdintzeko etiketa bereizgarri bat aldarrikatzen du. Adibide gisa jartzen du Euskal Sagardoarekin eginikoa. «Euskal sagarrondoekin ekoitzitako sagardoari Euskal Sagardoa izendapena jarri zitzaion; zergatik ezin da hori bera egin Arabako mahastiekin?».

Duela egun batzuk Aldunditik jakinarazpen bat jaso zuten, sektoreari laguntza bideratzeko asmoaren berri emanez. «Sekulako dirutza», bere hitzetan. Agirian, ordea, ez zen zehazten nola banatuko duten eta, Compañonen iritziz, gehiengoa upategi txiki eta artisauei zuzendu beharko litzaieke.

EH Bilduk aurkezturiko mozioan honakoa eskatzen zen: egiturazko arazoak gainditzeko ardogintzaren inguruko estrategia integral bat diseinatu behar dela «Arabako Errioxako eragileekin, ardogintza elkarteekin, nekazaritza sindikatu eta gainontzeko batzarkide taldeekin batera».

Ohitura aldaketak

«Tokiko kontsumoa eta online salmenta sustatzea eta Euskal Herriko merkatuan Arabako ardoen sarrera eta sustapena bultzatzea» eskatzen du egungo egoerak, koalizioko bozeramaile Kike Fernandez de Pinedok adierazi zuenez.

«Krisialdi honek aukera eman beharko liguke sektorea birpentsatzeko eta ekoizpen eredu zein salmenten birlokalizazioaren inguruan hausnartzeko: bestelako eredu baten alde egin behar da, kalitatezkoa, tokikoa, jasangarria, herriei eta lurrari lotutakoa», ondorioztatu zuen.

Modu horretan, salmenta modu berriez hitz egitean, Itxaso Compañonek Biba Ardoak kooperatibaren sorrera nabarmendu du. Duela urte eta erdi dabiltza elkarlanean, beste upategi artisauekin batera, eta duela hilabete batzuk aurkeztu zen proiektua. Lantziegokoak uste du krisialdi honetan asko lagundu diola kooperatibaren parte izateak, bertako ardo guztiei balio erantsia eman dielako eta «salmenta zuzenean eskari gehiago» jaso dituelako.

Ohiturak aldatzeari lotuta, honakoa dio: «Krisialdiak eragin duen gauzarik politena da, antzina gure guraso edo aitona-amonek etxean ardoa edateko zuten ohiturak gure eguneroko bizitzan lekua topatu duela».