Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Morala, propagandaren zerbitzura

«Gilles de Rais» (Alberdania) Anjel Lertxundiren azken eleberrian Vincent antzerkilari frantsesak militar karlista batzuen mandatuz obra bat idatzi beharko du, soldaduak adoretu eta bultzatzeko; obraren ildoa zein den aginduko diote, ordea. Artearen eta moralaren gainetik jarriko du dirua, propagandaren mesedetan. Eta gero… damua. Printzipioen eta moralaren gaineko hausnarketa planteatzen du nobelagintza «beti gauza morala» dela dioen idazleak.

Pazientziaz, une aproposa noiz iritsiko zain egon da Anjel Lertxundi (Orio, 1948) idazlea. Neurri batean bere buruaren zain, zeren antza, jakin bazekien duela hogeita bost urte idatzi zuen “Piztiaren izena” (Alberdania) narrazio bildumako bost ipuinetako batean agertzen den Gilles de Rais pertsonaiak gehiagorako eman zezakeela. Eta errekuperatu egin du orain, azken hiru urteetan idatzi duen lehen nobelari izenburua emateraino.

Baina gauzak ez dira hain ebidenteak eta pertsonaia nagusia ez da Gilles de Rais militar integrista, Joana Arcekoaren ondokoa izan zena, baizik Vincent antzerkigile frantsesa. «XIX. mendearen amaieran gaude eta gerra karlista jazotzen ari dela soldadu batzuen bisita jasoko du, enkargu batekin: antzerki obra bat idaztea soldadu karlista horiek adoretzeko eta bultzatzeko». Baina mandatua ez da hor bukatzen, obraren ildoa ere zehazten baitiote Vincenti. «Agintzen diote ez legokeela gaizki Joana Arcekoa jartzea nola edo hala Karlos VII.aren kausaren alde», azaldu zuen atzo Anjel Lertxundik, liburuaren aurkezpenean.

Badago arazo bat, ordea: militarrek ez dute inondik inora Gilles de Rais militarra, «batzuentzat mariskal pedofiloa», antzezlanean agertzea nahi, nahiz eta gizon hura Joana Arcekoaren armakide fidela izan.

Eta atzean, Faustoren mitoa sumatu daiteke. Honek arima deabruari saldu bazion mundua ulertu ahal izateko jakinduriaren trukean, Vincentek «dirua jarriko du bere bokazioaren, kulturaren eta gose artistikoaren gainetik, nolabait arima artistikoa galtzeraino», erantsi zuen egileak. «Faustok arimaren gainetik jartzen du jakituria, hori da inportantea. Hemen, ordea, modernitatean oso tipikoa dena ematen da: arima saltzea diruagatik». Egun, begi txarrez ikusten ez dena.

Ekintza horrek ondorio bat ekarriko du: damua. «Protagonistak ikusten duenean zer astakeria egin duen hainbeste preziatzen zuen artean. Traizioa egin dio diruagatik, gainera diru zikinagatik, manipulazioan oinarritutakoa. Behartu dute manipulatzera testu literarioak, antzerkia propaganda belikoaren zerbitzura jarriaz». Lertxundik berak onartu zuenez, Vincentek gero bere buruarekin duen borroka horrek «interes handia» eragin dio.

Antzerkigileak egiten duen hautuak, dirua lehenetsiz, moralaren eta printzipioen gaineko hausnarketa planteatzen du, nahiz eta egilearentzat nobelagintza «beti» den gauza morala: «Morala ukitzen ez duenean ere ukitzen ez duelako. Liburua morala den edo ez… ez naiz esateko gai, baina bai pertsonaiak hausnartzen jartzen direnean, edo akziora pasatzen direnean, beti daudela erabaki inportante horietan gorabehera moralak. Edo hautsi egiten dituzulako zure pentsakizunaren arau nagusiak eta pikutara bidali, edo errespetatzen dituzulako, edo ez errespetatzeagatik damua eragiten dizulako. Auzi moralarena nobelan garbi dago», berretsi du.

Ez aipatuz aipatzea

Paradoxa ugari daude. Adibidez, apaizak erakutsiko dio Vincent laikoari duintasunaren ikuspegi berri bat. Pertsonaia hau da «topiko guztietatik kanpo» gelditu zaiona. «Apaiza erreflexiboa egin dut, kontrasteak bilatzen dituena, gerraren zergatiez pentsatzea gustatzen zaiona. Ez dakigu liberalekin edo karlistekin dagoen, agian inoren terreno batean, baina bateko eta besteko gorabeherak pentsatuz bizi da. Pertsonaia barojarra da, kontraesanez eta zentzu dialektikoz betetakoa».

Eta bitxia bada ere, nobelari izenburua ematen dion pertsonaia ez da apenas agertzen. Ez da gehiegi aipatzen, ez bada in abstentia baina horrela ere «oso inportantea da» eleberrian. Gauza bera egin du gerrarekin. Hirugarren gerra karlista dela iradoki egiten da, baina ez da zehazten, eta non gertatzen den ere ez. «Lizarraldean pentsatu zitekeen…». Vincenti soldaduek Nafarroako mapa bat luzatzen diotela bakarrik dakigu, eta honek ez duela inguru hartako deus ezagutzen. Baina horrek berdin du, enkarguari men baino ez baitio egin behar…