Manex ALTUNA
Athletic

Unai Simon: «Europarako sailkatzea da helburua»

San Mamesen zalerik gabe jokatzen azkar egokitu beharko direla nabarmendu du Murgiko atezainak. Zuzendaritza Batzak ez du oraindik zehaztu zer neurri hartuko dituen bazkideen kuoten inguruan.

Denboraldian zehar gutxitan ausartu dira Athleticeko jokalariak taldearen helburuak zehazten. «Partidaz partida» esamoldea izan da erantzun orokorra, baina Kopako finala atzeratu ostean eta koronabirusak eragindako etenaldiaren eraginez, ilusioa berreskuratu beharra dago. Hamaika norgehiagoka geratzen dira Liga amaitzeko eta Unai Simonek argi dauka «helburua» Europarako sailkatzea dela. Horretarako, bost puntuko aldea kendu beharko diote sailkapenean zazpigarren tokian dagoen Valentziari.

Sei partida jokatu beharko ditu talde zuri-gorriak etxean eta bost kanpoan, horietako bat Mestallan. Lehenengo aurkaria San Mamesen, seigarren tokian dagoen –Athleticengandik zortzi puntura– Atletico Madril izango da. Unai Simonek zaleen babesik gabe jokatzera azkar ohitu beharko direla nabarmendu zuen. Ildo horretan, Zuzendaritza Batzak ez du zehaztu zer neurri hartuko dituen bazkideen kuoten inguruan. Apirilaren erdialdean, jokalarien soldaten jaitsiera adostu zutenean, egoera aztertzen ari zirela adierazi zuten klubetik, baina oraindik ez dute azaldu zer egingo duten partidak ateak itxita jokatu beharko direnez.

Estatutuen berritzearen inguruan, berriz, galdeketa bat abiatu dute klubaren webgunean, bazkideek beren proposamenak helaraz ditzaten.

Adurizen garrantzia

Adurizen agurrak zeresana ematen jarraitzen du komunikabideetan eta atzo Ernesto Valverde bere inguruan mintzatu zen Marca irratian. Entrenatzaile gasteiztarrak lau urtetan zuzendu zuen Athleticen, baina bigarren taldean ere ezagutu zuen gazteago zela. Aurrelari donostiarra urteekin batera asko hobetu zela azpimarratu zuen eta, batez ere, daukan nortasun lehiakorrarekin taldearentzat oinarrizko jokalari bat izatea onartu eta gustuko zuela.

Bestalde, orain dela hilabete batzuk Bartzelonak kaleratu ostean, datorren urtera begira momentuz ez daukala eskaintzarik esan zuen Valverdek.

Joseba Etxeberriak ere Aduriz azken sasoian taldearen ikurra izan dela azpimarratu zuen eta Athleticen harrobiko jokalarientzat erreferente bikaina dela.