Amalur ARTOLA

Aralar, espazioek leku izaera bereganatzearen lilura

Espazioak etxekotzean leku bilakatzen dira, babesleku, aterpe. Aralarrekiko sentipen horri tiraka sortu zen 2018an «Aralar, mundua leku den lurra» dokumentala eta, ikusleen eskariari erantzunez, bertarako idatzitako testuak liburu formatuan bildu dituzte orain.

Aralarri begira bizi da Goierri, eta baita goierritarrak ere. Miraz so egiten diote naturaguneko larre, tontor, erreka eta zuhaitzek eskaintzen dieten aterpeari, baina baita kezkaz ere. «Natur parkearen zaintza kaskarraren ondorioz sortutako egoera baten aurrean kokatu ginen orain 3-4 urte, eta gure kezka nagusia zen zer egin genezakeen Aralarren alde», oroitu du Aloña Jauregi, Landarlan ingurumen elkarteko kideak. Aralar balioan jartzeko beharra ikusi zuten, bere ondare natural eta kulturalaren garrantzian azpimarra jartzekoa, eta baita haren inguruan sortu direnen sustraiak Aralarri lotuta daudela nabarmentzekoa ere. Hala sortu zen “Aralar. Mundua leku den lurra” dokumentala, 2018tik herriz herri eman dena eta hainbat sari poltsikoratu dituena –azkena Kaliforniako Mountain Film Festivalen– eta haren ildotik etorri da izen bereko paperezko argitalpena, Erein argitaletxeak plazaratua.

Jauregik oroitu du dokumentalerako testuak egiteko Lorea Agirre eta Idurre Eskisabalengana jo zutela. Goierritarrak biak, Eskafandra kolektiboko kideak eta idazletzari lotuak. «Maitemindu egin nintzen testu horiekin –aitortu du Jauregik–. Dokumentalaren zuzeneko 80 emanaldi egin ditugu eta jende askok eskatu digu fikziozko zati horren transkripzioa baina, dokumentalaren ibilbideagatik, testua inori ez pasatzea erabaki zen». Behin ibilbidea amaituta, horiei forma eman eta paperean argitaratzea erabaki dute, Erein-en laguntzarekin. Argitalpenak dituen 50 orrialdeetan zehar, Eskisabel eta Agirrek idatzitako testu «poetiko-politikoak» bildu dituzte, dokumentaleko irudi distiratsuenekin lagunduta.

Iban Toledo izan da irudien ardura hartu duena. «Dokumentala egin genuenean Aralar pertsona bezala planteatu genuen, Aralar lau harkaitz baino gehiago delako, bizi duen ingurunea da», aldarrikatu du, eta irudiak hautatzeko «erretinan geratutako irudi horien bila» jo zutela azaldu du, «dokumentalaren adierazgarri direlakoan».

Espazioak eta lekuak

Irudi horien aldamenean doaz Eskisabel eta Agirreren hitzak. «Aralar, guretzat, liburuak esaten duena da: mundua leku den lurra da. Gu eta gure aurrekoak Aralarretik datoz, mendiaren gure iruditeria Aralar da eta, nahiz eta enkarguz jasotako lana izan, opari bat bezala jaso genuen, gure biografiaren parte garrantzitsua baita», ziurtatu du Agirrek. Behin enkargua jasota, testuaren izaeraz hausnarrean aritu ziren, «irudiak jaso genituelako, adituen esanak... eta hor zegoen koska: guk zer esango dugu horren ondo azaldutako zerbaiten gainean?», galdegin du Eskisabelek baina, gogoetatuta, «aurrerabide edo garapen nahiak eta desazkunde premiak haien artean sortzen zuten tentsioari buruzko gogoeta edo begirada bat ekartzea» erabaki zuten.

«Testu poetiko bat egitea zegokigun, datuen eta kultura zientifikoaren zera hori beste bide batetik helaraztea, emozioetara joz, metaforara joanez. Testu poetiko-politiko bat dela esaten dugu guk», gaineratu du Agirrek.

Dokumentalerako idatzi zuten testuaren bidez, espazioaren eta lekuaren arteko ezberdintasunera garamatzate idazleek, ez baitira, Eskisabelek nabarmendu duen gisara, gauza bera. «Espazioekin lekuak egiten ditugu, babesa ematen diguten lekuak, eta jende askorentzat mendeetan zehar Aralar leku bat izan da».