01/06/2020

Natura erdigunean
Naturaren ibilbidea beti errespetatu behar da, baita gizakion kapritxoekin bat egiten ez duenean ere.

Zorionez inork gutxik egiten die kasu nire aholkuei, agian hitz egiteko modu bitxia dudalako, edo gezurretan aritzen ez dakidanez pertsona fidagarria ez naizelako. Hala ere, aholkuak sarri eskatzen dizkidate. Hori bai, beti erabakiak hartuak daudenean, beraz, nire iritziak hartutako erabakiarekin bat egiten badu bikain, eta ostera, bat egiten ez badu, ez du axola, zeren jada erabakia hartuta dago. Haiekin pareko jartzeko asmorik gabe, gauza bera gertatzen zaie zientzialariei, erabakiak hartuak daudenean galdetzen dietela.

Duela sei urte Zarauzko hondartzan beste nonbaitetik ekarritako hondarra bota behar zen galdetu zigutenean, surflari batzuek ezezkoa eman genuen, eta natura eraldatzea suposatzen duen beste edozein proiekturen inguruan ere galdetuko baligute, eremu horretan adituak ez izan arren, ezezkoa emango genuke. Naturaren parte garela onartzen badugu, berau mendean hartu beharrean bere aldaketetara egokitzen ikasi behar dugula uste dugulako. Naturaren ibilbidea beti errespetatu behar da, baita gizakion kapritxoekin bat egiten ez duenean ere.

AZTI Tecnaliak itzelezko lana egiten du itsas hondoak eta ingurune naturalak aztertzen. Datu zehatz asko biltzen eta aztertzen ditu, eta horregatik, ingurune konplexu batean lanak egin nahi dituztenek haiengana jotzen dute aholku eske, eta batzuetan, baita politikariek ere. Baina AZTI Tecnalia bezalako ikertzaile eta zientzialariek inoiz ez dute azken hitza. Erabakiak politikariek hartzen dituzte eta azken hauek, gure ingurumenarentzat arrisku potentziala dira, natura mendean har daitekeen zerbait bezala ikusten dutelako, eta sarri erakutsi duten moduan, gutxieneko maila ematen ez duen klase politikoa dugulako.

Covid-19aren pandemiak argi erakutsi du egungo sistemak ondorioak dituela. Naturak erantzun egiten du, bere lekua hartzen du kaosaren orekari eusteko. Ondorioz, oinarrizko printzipioa izan beharko luke natura ahalik eta gutxien kaltetzea. Zoritxarrez printzipio horrek leku oso apala du politikarien agendetan. Zorionez, ordea, gizartean aldaketa gertatzen ari da, herritarrek gero eta argiago ikusten dute egungo sistema ez dela bateragarria naturaren biziraupenarekin, eta ondorioz, ezta gizateriarenarekin ere.

Ezkerreko mugimenduak mundu mailan galdu duen lekua eta erreferentzia berreskuratzeko eremu horretan kokatu beharko luke bere burua. Hau da, natura menderatu beharrean, naturari egokitzea oinarri hartu eta gauzak modu jasangarrian egiteko politiketan aitzindari bilakatu behar du. Horrek gauzak egiteko beste modu bat eskatzen du, egungo politika ulertzeko eta egiteko moduaren oso bestelakoa.

Agintzen ari denak ez du soilik agintzen botoa eman diotenentzat, beraz kanpainan agindutako guztiak betetzea ezinezkoa da herritarren gehiengoa kontra badago (atez ateko zabor bilketa gogoratu), baina marra gorriak finkatzeko kontsentsuak lortu daitezke naturari lotutako gaietan, ezkerretik eskuinera, jende multzo handiak biltzeko eremua bilakatzen ari baita naturaren auzia. Finean, lehentasunen taula berrikusteko ordua da, zeren hondartzetan mugitzen diren hondar bankuak bezala, naturak dagokion lekua hartzen jarraituko du.