Jon Garmendia
Idazlea

«Resortir»

Ostatu handi bat zela bizitza, eta lekutu ginela bertan noizbait, lur eta zeru arteko hari ikusezinarekin josi zutelako estalpe hori, non denboraldi baterako aterpea genuen gizakiok, eta egonaldia luzatu edo laburtu gure eskuetan zegoen hein batean. Lasaiago bizi ziren hori zekitenak, eta ez gu. Beharko genuke pragmatismo gehiago bai, nehor ez delako heldu betikotzeko, uros dela erraten duenaren aitzinean zoriona ere ez baita betiko.

Badakit erranen duzula ez dela berririk zeru-lurrean hau erranik, fitsik, eta pluraltasuna sobera beharbada, orokortuegia; singularra izateko hor duzu Mixel Bordagarai baxenabartarraren bertsu kuttun hau: «Egun batez naiz oroitzen, gau ezti batian, nola nausi sartu zinen neure saihetsian, geroztik nago ikaraz noiz galdu behar zaitudan, gaur egunian, zu beti goguan».

Bai, badakit entzun arau konfinamendura zaramatzala berriro. Hala da patua. Filosofoek, ordea, finago agertzen dute, Oier Imazek bezala: hemen, anitzek uste dute resort handi batean bizi direla. All inclusive. Izan daiteke Gaztelugatxe, Donostia edo Donibane Lohizunera helduak, baina ahala duenak behin helduta nahi duena da ahal den plazer handiena. Boterea diruak balu bezala, edo dirua boterea bailitzan. Oporretan bizi nahi bainuke nik ere, zuek nire zerbitzura ukan. Eta hor ohartzen naiz ez zaretela resort bat. Atera nazazue hemendik. Otoi.