02/06/2020

Nekane Teres nafarrak Bera Beraren defentsako lana ardazten jarraituko du
GARA
0602_kir_teres

Super Amara Bera Berak datorren denboraldiko taldea egituratzen jarraitzen du, eta kontratua berritu duen azkena Nekane Teres nafarra izan da. Andosillakoa defentsa laneko zutabe nagusienetakoa da taldean, nahiz eta erasoan ere ongi moldatzen den pibot postuan.

Teres «oso pozik» azaldu zen talde donostiarrak zabaldu dituen adierazpenetan. Kontuan izan behar da 2018/19 denboraldian 42 neurketetan hartu zuela parte, sasoi bikaina osatuz, baina aurtengoan hiru hilabetez egon behar izan du geldirik lesio baten erruz.

Teresen hitzetan, «gogorra izan zen» horrenbeste denboran jokatu ezinik egotea, eta «behin osatu nintzenean alarma egoera heldu zen eta bertan behera gelditu zen guztia». Hala ere, kolektiboki denboraldia «oso positiboa» izan dela uste du: «Aldaketa asko eta lesioak izan arren, taldeak hori guztia gainditu du, eta horrek esan nahi du lan ona egin dugula».

Bi denboralditan 55 neurketa jokatu ditu Nekanek Bera Berarekin, 102 gol sartuta, eta aurten bere bigarren Liga irabazi du, bere garaian Itxakorekin ere irabazi zuelako beste bat. «Ez dute zerikusirik, eta beste bat etorriko balitz ere desberdina izango litzateke. Itxakon etorkizuneko jokalaria nintzen, eta orain erantzukizun handiagoa daukat, minutuetan zein taldean dudan paperean», esan zuen 28 urteko jokalariak.

Azkenik, udan lan fisikoa egiten saiatuko dela baieztatu zuen «geldirik denbora asko egon garelako», eta hurrengo sasoira begira bi helburu oso argi ipini zituen, «Estatuko titulu guztiak irabaztea» eta Europako lehiaketetan «gure ligakoak baino talde indartsuagoei aurre egiteko» gai izatea.