Maite UBIRIA BEAUMONT
BIARRITZ

Lau hautagai lehiatuko dira Biarritzen, Veunac jarduneko auzapeza erretiratu ondoren

Joan den martxoaren 15eko udal hauteskundeen lehen itzulian bosgarren heldu zen Michel Veunac auzapez zentrista, eta bere zerrenda erretiratu ondoren, lau hautagai aurkeztuko dira heldu den ekainaren 28an iraganen den bigarren itzulira Biarritzen.

Joan den martxoaren 15ean egin ziren herriko bozen lehenengo itzuliak panorama zeharo aldrebesa utzi zuen Biarritzen.

Esaterako, 2014az geroztik alkate izan den Michel Veunac buru duen zerrenda bosgarren heldu zen. Atzo, bigarren itzulirako hautagaitzak aurkezteko epea ixtear zelarik, bere hautagaitzak ekainaren 28an iraganen den bozketan ez duela parte hartuko iragarri zuen jarduneko auzapezak ohar baten bidez.

Michel Veunac erretiratu ostean, lau zerrenda lehiatuko dira bigarren itzulian, hiriko aginte makila eskuratzeko xedez.

Martxoaren 15ean hautagairik bozkatuena izan zen Maider Arosteguy eskuindarrak joan den asteburuan iragarri zuen zerrenda bera aurkeztuko duela. Botoen %31,46 eskuratu zituen Les Republicains alderdi kideak aliantza egitea baztertu zuen.

Lehenengo itzulian bigarren heldu zen Gillaume Barucqek, ordea, beste hautagaitza batekin aliantza izenpetu du.

Atzo, Biarritzeko itsasargi ondoan eginiko agerraldian Euskal Herrian Vert et Solidaire-ko zerrendaburu den Brice Morinekin batera azaldu zen Barucq.

Halere, medikua eta surflaria den Barucqek eginiko hautuak ez ditu bere zerrendakide guztiak ase. Hala, Max Brisson senatari kortserbadorearen alaba Emmanuelle Brissonek aurkezpen ekitaldia baliatu zuen zerrenda berria ez duela sostengatuko jakinarazteko. Frantziako Legebiltzarrean komunikazio aditu gisa jarduten duen Emmanuelle Brissonek azaldu zuenez, bere baitan ekologistak eta abertzaleak hartzen dituen hautagaitzarekin akordioa egiterakoan Barucq «ezkerraren hautagai bilakatu da». Alta, «urgentzia sozial eta klimatikoaren garaian lantalde baten bueltan sentsibilitate sozial eta ekonomiko ezberdinak biltzea» lehentasuntzat jo zuen zerrenda berria aurkezteko ekitaldian Guillaume Barucqek. Bere aliatu bilakatu den Brice Morinen zerrenda ekologista eta abertzaleak botoen %12,3 eskuratu zituen M15ean. Hain zuzen, hauteskunde lehia atzo utzi zuen Michel Veunacen aurretik pasatu zen.

Gauzak horrela, heldu den ekainaren 28an lau hautagai izanen dira Biarritzen. Lehia nagusia Maider Arosteguy eta Guillaume Barucq-en artean aurreikusten bada ere, beste hautagai bi izanen dira, biak ala biak jarduneko auzapezaren aliatu ohiak. Nathalie Motschek botoen %14,23 eskuratu zituen martxoan. Jean-Benoit Saint-Cricqek, berriz, ozta-ozta gainditu zuen botoen %10eko langa. Azken unean Saint-Cricqek bere hautagaitzan Veunacen hainbat zerrendakide sartu zituen atzo.