Asier AIESTARAN
PILOTA

Zenbait emakume pilotarik ohar bat zabaldu dute sare sozialetan EPEko kide ez direla argitzeko

Guztira, 21 pilotariren zerrenda zabaldu da sare sozialetan esanez «ez garela EPEko (Emakume Pilotarien Elkarteko) kide eta horrenbestez gure klubek ordezkatzen gaituztela».

Mezu horrekin, beraiek ez direla elkarteko kide eta bakoitzaren ordezkari bakarra bere kluba dela jakinarazi dute. Tartean izen ezagunak daude, Iera Agirre edo Olatz Arrizabalaga, esaterako. Oharra kaleratzeko arrazoirik eman ez duten arren, kontuan izan behar da adierazpena Emakume Pilotarien Elkarteak asteburuan ateratako oharraren ondotik iritsi zela.

Zerrenda osoa

Sare sozialetan zabaldu den zerrenda honetan ageri diren pilotariak hauexek dira: Iera Agirre (Aurrera), Andrea Aldareguia (Irurtzun), Amaia Alday (Lemoa), Enara Anitua (Lea Ibarra), Olatz Arrizabalaga (Lea Ibarra), Janire Arrizabalaga (Lea Ibarra), Olatz Beitia (Lea Ibarra), Nagore Bilbao (Olarreta), Naroa Elizalde (Oberena), Madalen Etxegarai (Aloña Mendi), Leire Garai (Zaramaga), Nagore Galeano (Olalde), Leire Galeano (Olalde), Amaia Jaka (Irurtzun), Naroa Martinez (Lea Ibarra), Ane Mendiburu (Uharte), Uxue Oses (Aloña Mendi), Maite Ruiz de Larramendi (Oberena), Olatz Ruiz de Larramendi (Ameskoa), Irati Ugalde (Lea Ibarra) eta Ane Urkizu.

Pilotariek oharra argitaratzeko arrazoirik zehaztu ez duten arren, gogoratu behar da aurreko asteburuan Emakume Pilotarien Elkarteak deklarazio bat zabaldu zuela komunikabideetan, Leire Etxanizek binakako Emakume Master Cup txapelketaren finalerdietan ez zuela parte hartuko jakinarazteko eta lehiaketa horren antolatzaileen jarrera kritikatzeko.