Jon ORMAZABAL
PILOTA

Bikote mistoak, uda salbatzeko aukera bat

Enpresek hirietako torneoak jokatu nahi dituzte, indarrak eta gastuak orekatzeko pilotariak nahastuz.

Gainerako alor guztietan bezala, gauzak egunetik egunera abiadura bizian ari dira aldatzen gizonezkoen esku pilota profesionalaren munduan ere eta, orain egun gutxi Baiko enpresatik uda galdutzat ematen bazuten ere, gauzak erabat aldatu dira ordu gutxitan. Orrialde hauetan bertan aurreratu genuen bezala, uztailaren 1a da, Irunen, enpresek itzulerarako aukeratutako data eta Urantzun jokatuko den jaialdiak «normaltasun berriaren» pista handiak emango dizkigu. Jaialdia zuzenean emango duen ETBk jakinarazi zuenez, bikote mistoak ariko dira egun horretan, hau da, Aspe eta Baikoko pilotariak nahastuta ariko dira eta GARAk jakin ahal izan duenez, formula hori izan daiteke enpresek uda salbatzeko erabiliko dutena, hau da, jaialdiak eta pilotariak partekatzearena.

Bilera askoko egunak izaten ari dira azkenak bi enpresetako bulegoetan, ezin baita ahaztu bi plantillak aldi baterako erregulazio espedientean daudela, eta pilotariekin akordio batera heltzea beharrezkoa izango da berriz ere partidak itzul daitezen. Baikoren kasuan, gainera, bederatzi pilotariri kontratua amaitzen zaie hurrengo egunetan eta horiek lotu beharra ere badute, nahiz eta egoeraren berezitasunak aire pixka bat ematen dien.

Udako feriak

Argi dago aurtengoa ez dela beste urteetakoa bezalako uda bat izango, esaterako, pilotalekuen harmailaren erdia hutsik dela jokatu beharko dute pilotariek kasurik onenean, baina orain astebete ezinezkoak ziruditen hiriburuetako jaietako udako torneoak jokatzea ere oso posible da. Sanferminak ofizialki bertan behera geratu ziren arren, enpresek badute oraindik Iruñean torneotxoren bat antolatzeko intentziorik. Are gehiago, Fernando Vidartek “Diario Vasco”-n emandako elkarrizketa batean jakinarazi zuenez, Nafarroa Arenan jokatzea ere buruan dute, pilotaleku honek hirukoiztu egiten baitu Labriten aforoa.

Ildo horretan, Gasteiz, Bilbo eta Donostiako pilotalekuek ere harmaila oso handiak dituzte, beste urteetan udako torneoetan nekez bete direnak eta, beste formatu batekin bada ere, feria handi hauek mantendu egingo dira aurten ere.

Hori bai, hasierako planteamenduetan urrun samar ziren arren, Aspek eta Baikok nolabait ulertu dute aurrera egiteko elkarrekin joan beharko dutela eta, hasiera batean behintzat, enpresako jaialdirik apenas egongo da, eta egoera berriak sortuko dituen protokoloek –segurtasun distantziak betearaztea, desinfekzio lanak...– sortutako gastuak elkarren artean ordainduko dituzte. Pilotariei, jokatu beharreko partidetan murrizketa handia ekarriko die horrek.

Ikusleei eta honetan guztian pisu handia duen ETBri «produktu» erakargarriago eta orekatuago bat eskaintzeko asmotan, aipatutako torneo horietan bikote mistoak aurkeztearenak gero eta pisu handiagoa hartu du. Iaz Elgoibar eta Logroñon baino erabili ez zuten formula hau hasieratik hartuko lukete aurten, bi enpresen arteko indar desorekak berdintze aldera.