Asier ETXENIKE
Soziologoa

Ziurgabetasunean, performatibitatea

Hau idazten ari naizen unean, inkestek publikatu dutenari jarraiki, 2016ko hauteskundeekin alderatuta, abstentzioa proportzio antzekoetan mantendu eta emaitzek pandemiaren aurreko joerei jarraituko liekete. Artikulu hau, hauteskunde giroan murgilduta gaudela idatziz hasi behar nuen, baina, egia esan, ez dut giro handirik sumatzen, ez inguruan, ezta kanpainan bertan ere, eta horrek ikusitako estimazioen inguruan zalantzak sortzen dizkit.

Ez naiz ni inkesten kontran idazten hasiko, neurri batean, ofizio honetaz bizitzeaz gain, zintzoki beharrezkoak direla uste baitut. Baina beraien balioa erlatibizatu eta ezagutza sortzeaz gainera, beste funtzio batzuk ere izan badituztela gogoraraziko dut.

Azken urteetan inkestek gero betetzen ez diren hauteskunde emaitzak iragarri izan dituzte. Bilduk 2011n edo Podemosek 2015ean, espero gabeko emaitza onak lortu zituzten. Ondoren, Podemos sorpasso-a ematetik urrun geratu zen. VOXek Andaluzian aurreikusi gabeko emaitzak lortu zituen, Brexita, Trumpen garaipena… adibideak asko dira.

Faktore asko daude horren atzean. Batzuetan akats teknikoak izan daitezke (lanaren zati bat edo guztia ez da ondo egin), beste batzuetan soziologikoak (botoaren aldakortasunaren igoera, fideltasun txikiagoa, azken unera arte botoa erabakitzen dutenak gero eta gehiago izatea…). Beste kasu batzuetan inkesta etxeek Herding efektupean publikatzen dituzte estimazioak (norberaren datuak ezberdinak izanagatik, besteek publikatutakoaren antzekoak publikatzea, estimazioan okertzen den bakarra izateko beldurrez).

Beste faktore bat, berez akatsa ez den arren, inkestek duten gaitasun performatiboa baliatu nahi izatea da. Adibidez, alderdi bat irabazle segurutzat emateak hautesleri hori animatu dezake (nori ez zaio gustatzen irabazle sentitzea?), eta, aldiz, aurkariengan desanimoa edo frustrazioa zabaldu, abstentzioa eraginez.

Europan izan diren azken hauteskundeetan abstentzioa nola igo den ikusita, gurean berdina gerta ez daitekeenik ez nuke baztertuko. Esperientziak erakusten duenez, baldintza sozial, ekonomiko eta politikoak egonkorrak ez direnean, inkestek errealitatea islatzeko eta, areago, aurreikusteko duten gaitasuna mugatua da. Agertoki batek (abstentzio maila normala) edo besteak (abstentzio altua) aurreikuspenak aldatu ditzake, baina ia ez dago publikatutako estimaziorik kontuan hartzen dituenik agertoki ezberdinak. Ia guztiak agertoki bakarra irudikatzen dute: dena “normal”.