Raquel Gonzalez
Gasteizko Mariturri eskolako Guraso Elkartea
KOLABORAZIOA

Plantilla murriztu, gehien behar denean

Ikasturtea amaitu berritan gure eskolako zuzendaritza-taldeak Ordezkaritza Organo Gorenera deitu gintuen, oporrak direla eta, hurrengo ikasturtearen hasiera nolakoa izango den eta irailerako lanpostuen zerrenda zein izango den jakinarazteko. Datorren ikasturtean hiru lerroko eskola bat izango gara ofizialki; pixkanaka handituz joan gara, eta 2009ko hasierako 2 gela izatetik 29 gela izatera pasako gara 2020-21ean. Itxi dugun ikasturtean baino ikasgela bat gehiago izango dugu. Hara gure ezustekoa eta haserrea, 55,5 irakasle izatetik 50,5 izatera pasatuko garela jakin dugunean.

Informazio hori Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletara baino astebete geroago iritsi da Arabako eskoletara, eta, Ordezkaritza Organo Gorenean azaldutakoarekin bat etorriz, sumatzen dugu nahita egin dela. Uste dugu legez dagokigunari erantzun, salatu eta erreklamatzeko denborarik gabe utzi nahi gaituztela. Zuzendaritza taldeak dagoeneko alegazioak idatzi eta aurkeztu zituen, eta legez gure eskolari dagokiona erreklamatu zuen, ikasle, gela eta Mariturriko eskolaren baldintzen arabera. Baina Hezkuntza Sailetik ez dugu oraindik erantzunik jaso, eta ez du ematen arazo hau behar bezala konponduko denik.

Aurten ez ditugu baliabideak soberan eduki pandemiak eragindako egoera delikatu honetan lan egiteko. Eta irailean, zer gertatuko da? Nola egingo dute lan bost irakasle gutxiagorekin? Eta hori kasurik onenean, noski. Izan ere, Hezkuntza Sailak hiru agertoki proposatu ditu irailean eskola-jarduerari berriro ekiteko, eta ezinezkoa da imajinatzea eskola nola antolatuko den Hezkuntzak planteatutako agertoki bakoitzean. Adibidez, nola bikoiztu daitezke ikasgelak, halabeharrez irakasle gehiago eskatzen dutenek, Hezkuntzak irakasleak kentzen baditu? Kontuak ez dira ateratzen. Akaso gobernatzen dutenek eta gobernatzen jarraitu nahi dutenek badakite udazken honetan ikasleak etxean egongo direla? Baina hori gertatzen bada, nola egingo zaie jarraipena ikasleei irakasle nahikorik gabe? Eta nola erantzungo zaie konfinamenduaren ondoren babes berezia behar dutenei? Eta baliabide gutxiagorekin, nola iritsiko dira irakasleak ikasturte honetan hezkuntza-sistematik kanpo geratu diren eta irailean gainditu ezineko hezkuntza-langa zeharkatu behar duten ikasleen eta familien ehuneko handi horretara?

Argi dago ez zaiela axola. Hau Eusko Jaurlaritzak eskola publikoarekiko eginkizunari uko egitearen beste adibide bat baino ez da, eta, besteak beste, eskola-segregazioaren egoera latza eragin du. Hauteskundeetatik egun gutxira, eta ziurrenik eta tamalez beste lau urtez iraungo duen gobernu batek, gure baliabideak gogor murriztuko dizkigu berriro. Gutako batzuk pentsatzen genuen covid-19aren krisiak argi utzi zuela gehiago eta hobeto inbertitzeko beharra zegoela gure zerbitzu publikoetan, osasun publiko sendoan eta hezkuntza-sistemaren benetako ardatza izango den hezkuntza publikoan. Argi dago EAJ-PSE koalizioak ez duela mezua ulertu gobernuan, eta ez diola inolako garrantzirik ematen ikasgeletatik kanpo igarotako denborak sortu duen arrakalari ikasle pribilegiatu eta ez pribilegiatuen artean.

Hala eta guztiz ere, eskola publikoaren eta, bereziki, gure Mariturri eskolaren aurkako erasoa izan arren, familia gisa haren aldeko apustua egiten jarraituko dugu, gurea baita, auzokoa, inor kanpoan uzten ez duena; familiak biltzen, hazten eta gure aniztasunarekin aberasten gaituen eskola baita. Eta horregatik, gure eskolaren alde borrokatzen jarraituko dugu, eta salatuko ditugu gobernutik poltsiko handienen eskura hezkuntza salgai bihurtu nahi dutenak. Izan ere, amaitu berri den eskola publikoaren aldeko kanpainaren leloak zioen bezala, euskal eskola publikoaz harro gaude!, gure eskola publikoaz, eta batez ere Mariturri eskolaz!