Interview
GURUTZE DORRONSORO
INTXIXU JATETXEA (OIARTZUN)

«Jendea etortzen da, baina gutxiago»

Nola daramazue pandemiak sortutako egoera? Eragina izan du bezeroengan?

Bai noski, lehen adina jenderik ez dabil, ezta gutxiagorik ere. Jendea etortzen da jatetxera, baina ez lehen bezala.

Asteburu honetan Oiartzungo jaiak izan beharko lirateke. Nola espero duzue lan egitea?

Lehen baino askoz gutxiago. Egia da erreserbak jasotzen ari garela, baina lehendik zeuden asko ere bertan behera utzi dizkigute.

Taberna askotan jende pilaketen beldur dira. Zuek herrigunetik kanpo zaudete eta jangelarekin lan egiten duzue batez ere. Arazo hori espero al duzue?

Ez, alde horretatik ez dugu aparteko arazorik espero, mahaiak nahiko tarte handiarekin jarriko ditugulako.

Jatetxe bezala, zein dira bete behar dituzuen baldintzak?

Mahaien arteko tarteak gorde behar ditugu, beraz, etortzen den jende kopuruaren arabera, mahaiak mugitu edo kendu egin behar izaten ditugu. Eta hamar pertsona baino gehiago etortzen badira, banatu egin behar ditugu, sei alde batetik eta bost bestetik.

Terraza ere baduzue, ezta?

Bai, eta aurten gainera dezente handitu dugu. Baldintza asko bete behar izan ditugu, baina azkenean lortu ditugu baimenak. Izan ere, terraza berria jatetxearen atzealdean jarri dugu, eta ateratzeko ate berri bat eta eskailera berriak egin behar izan ditugu. Alde horretatik, nahiko toki badaukagu orain, eta tarteak ere bai. Falta den gauza bakarra da jendea etortzea eta eguraldiak pixka bat laguntzea.

Jai egunok igaro ondoren, nolako uda espero duzue?

Lehen udan lan handia egiten genuen, baina aurten ez dakigu zer-nolako uda izango dugun, ezjakintasuna handia da. Guk baliabide guztiak jarri ditugu lan egiteko, intentzioa badugu, baina ez dakigu zer gertatuko den.