Arnaitz GORRITI
EUSKADIKO TRAINERU TXAPELKETA

Lekeitiok bere legea ezarriko du

Lehia estua espero da gizonen estropadan. Aldiz,Orio eta Donostiarra dira faborito nesken artean.

Euskadiko Traineru Txapelketak iritsiko dira gaur eguerdian, San Inazio egunarekin, Lekeitiora. Arraunean egiteko eremu aproposa bezain petrala da Lekeitio, eta berton jasotzen den itsasoak ezarriko du bere legea, iaz bezala Hondarribia eta Oriok besoak altxa ditzaten edo beste zenbaitek astin dezan urteko ikurrinarik preziatuenetarikoa.

Azken hiru urteetan Hondarribia nagusitu da gizonen mailan: Lekeition 2018an, eta etxean, Hondarribian bertan, iaz. Aurten, ordea, ez dago halako harrokeriarik. Egia da orain arte “Ama Guadalupekoa” traineruak inork baino bandera gehiago irabazi dituela aurtengo Eusko Label Ligan, baina hondarribiarren irregulartasuna sekulakoa izaten ari da. Ondorioz, ohorezko txandatik at daude Mikel Orbañanosenak.

Bermeo, Orio, Ondarroa eta Zarautz ariko dira gizonezkoen aurreneko txandan, eta bigarrenean, Hondarribiarekin batera, Santurtzi, Zierbena eta Donostiarrak egingo dute arraun. Zeinek asmatu nondik hautsiko den estropada!

«Urte berezi batean gaude eta horrek gorabehera asko bideratzen ditu», argudiatu du Mikel Orbañanos Hondarribiko entrenatzaileak. «Horrez gain, maila oso berdintsua da», gaineratu du Orbañanosek.

«Bigarren kalea ez da txarra Lekeition», esan du, bestetik, Juan Zunzunegi Zierbenako entrenatzaileak. “Galipoak” Eusko Label Ligan seigarrenak dira, baina harrobiko arraunlarien kupoak betetzeko derrigortasunik ez dutenez gaurko estropadarako, puntu bat gora egin dezakete.

«Hala ere, azkenaldion Bermeo bikain dabil», ohartarazi du Zierbenako entrenatzaileak.

Arraun Lagunak bueltan da

Gizonezkoen estropada baino lehen jokatuko da Emakumeen Euskadiko Txapelketa. Euskotren Ligako azken hiru estropadetan covid-19aren erruz parte hartu ezinik egon ostean, Arraun Lagunak bueltan da, eta baliteke saltsa apur bat gehiago ematea horrek emakumeen estropadari.

Ondarroa, Orio, Lutxana eta Donostiarra aurreneko txandan ariko dira eta bigarrenean, Isuntza, Arraun Lagunak, Deusto eta Tolosaldea. Orio eta Donostiarraren arteko lehia espero bada ere, agian izango da ezustekoentzat lekutxoren bat.

Bada ñabardura bat gizonezkoen estropadari begira, emakumeekiko; hau da, aurreneko lau sailkatuek asteburuan Pedreñan jokatuko den Espainiako Txapelketan parte hartuko dutela. Emakumeek ez joatea deliberatu zuten aspaldi. Beste hainbat arrazoiren artean, Espainiako Federazioak emakumeei lau luze eginaraztea baitu buruan eta oraingoz bederen ez daude prest euskal traineruak, beren ohiko entrenamendu eta plangintzak hausten dituelako.