Gorka Badiola
KOLABORAZIOA

Errespetua

Ez dago hausnarketa sakonik egin beharrik konturatzeko ez garela gauzak ongi egiten ari. Birusa gero eta indartsuago dagoen honetan (eta ez da lehenengo aldia, tamalez), gizakiok badugula hedatze azkar honen erruaren zati handi bat deritzot.

Pertsonak normalean oso kexatiak gara eta izango gara gure bizitzan zehar (ni neu lehena). Eskatzen ere oso trebeak eta ausartak gara betidanik. Baina arazoek guri oso gauza serioak eskatzen dizkiguten momentuan, kasu handirik ez dugula egiten ikustean sortzen dira.

Lauzpabost aholku argi eta ez hain zail eskatu dizkigute eta orokorrean argi ikus daiteke ez garela aholku horiek ongi betetzen ari. Arazoa, baina, ez da ezin ditugula arau horiek bete, ez dugula nahi baizik. Izugarrizko axolagabekeriak ikus ditzakegu egunero eta momentu oro.

Uda da eta denok nahi dugu gozatu eta ondo pasa. Denok nahi dugu oporretara joan, denok nahi dugu lagunekin afaldu eta parrandaren bat egin, denok nahi ditugu familiako bazkariak egin, denok nahi dugu hondartzara joan... Ni ez naiz inor inori aholkuak emateko eta gutxiago zer egin daitekeen eta zer ez esateko (nik ere gauza asko gaizki egingo baititut). Bakoitzak badu edo eduki beharko luke ahalmen eta erantzukizun hori.

Baina benetako bihotzeko mina eta tristura izugarria sortzen didana gure aitona-amonak eta gurasoak ez errespetatzea da. Beraiei erasotzen baitie larrien birus nazkagarri honek.

Guk ez baldin baditugu neurri egokiak hartzen (orain oso argi gertatzen ari den moduan), beraiek izango dira gehien sufrituko dutenak (nahiz eta denok egon arriskuan). Guri dena eman diguten guraso eta aitona-amonak. Gu aurrera ateratzeko egin dituzten esfortzu eta sakrifizio guztiak horrela eskertu nahi dizkiegu? Hori merezi dute? Beraiek gure lekuan egon izan balira, ez lukete gugatik zerbait gehiago egingo? Orain arte, ez dute ahal dutena eta gehiago eman gugatik? Nork maite izan gaitu eta izango gaitu gehiago beraiek baino? Zer ginateke gu beraiek gabe? Gure jarrera beraiekiko ez zait batere justua, zintzoa, zentzuduna… iruditzen, berekoia oso baizik.

Beraz, berandu izan baino lehen, zaindu eta errespetatu ditzagun albokoak, auzokoak, lanekoak, herritarrak, atzerritarrak, lagunak, familiakoak, gure moduan pentsatzen ez dutenak… eman dizkiguten arau eta aholkuak ongi betez.

Baina, batez ere, zaindu eta errespetatu ditzagun gure guraso eta aitona-amonak, duda izpirik gabe, hori eta askoz gehiago merezi baitute. Momentu zail eta nahasi hauetan, beraientzat omenaldirik polit eta arduratsuena hau litzateke denon partetik.