Imanol CARRILLO
PILOTA

Urdinen inspirazioaren kontra

Olaizola II.a-Zabaletak partida bi aldiz irauli dute Jaka-Albisuren aurka, Caixabank Masterseko laugarren puntua eta lidergoa lortzeko.

OLAIZOLA-ZABALETA 22

JAKA-ALBISU 18


Aiegiko pilotaleku berriak estreinakoz ateak ireki zituen pilotari profesionalentzat. Eta bertaratutako zaleek ikuskizun polita aurkitu zuten, bi partidaz osaturiko jaialdian.

Partida nagusian, Olaizola II.ak eta Zabaletak Caixabank Masterseko laugarren garaipena eskuratu zuten, eta horrekin batera behin-behineko lidergoa.

Ez zuten neurketa erraza izan. Partidaren lehen zatian Erik Jaka eta Jon Ander Albisu 2-8 aurreratu ziren markagailuan, atzelariaren kolpeei eta aurrelariaren inspirazioari esker.

Hala ere, gorriek 4-8koa egin eta pilota aldatu zuten, 1 zenbakia zuena aukeratuz. Hor egon zen partidako beste gakoa. Olaizola eta Zabaletak guztiz asmatu zuten material horrekin eta atzelari nafarra atzeko koadroetan dominatzen hasi zen. Aimarrek bizkartzainaren lana ederki aprobetxatu, eta tantoak eskuratzen hasi zen. Hala, 4-8tik 11-9ra joan ziren markagailuan.

Hor partida berdindu egin zen eta urdinek buelta eman zioten berriro, 13-15 aurretik ipiniz –aipatzekoa da 13-13ko berdinketa Jakak lortu zuela gantxo ikusgarri batekin–. Baina berriro pilota aldatu eta gorriek seigarren martxa ipini zuten. Albisuk huts batzuk ere egin zituen, baina 20-18ra gerturatzea lortu zuten, Jakak egindako tanto polemiko bati esker. Olaizolak txapa eskatzen zuen, eta hala zirudien, baina epaileek tantoa eman ziten urdinei. Honek ez zuen ezustekoa ekarri eta gorriek laugarren garaipena lortu zuten Aiegiko pilotaleku berri eta irristakorrean.

Arretxeren agurra

Jaialdiko lehen partidan, Iker Arretxek agur esan zion 15 urteko ibilbide profesionalari –denak Asegarce/Baikon, 2005eko ekainaren 11n Iruñeko Labriten debuta egin zuenetik–. Aurrelari nafarrak, Salaverri II.arekin bikote eginda, 750. partida jokatu zuen, baina ezin izan zuen garaipenarekin ospatu, 11-22 galdu baitzuen Dario-Garmendiaren aurka.

Partidaren amaieran, senide eta lagunez inguratuta, honakoa esan zuen: «Gozatzera atera naiz kantxara. 15 urte hauek oso azkar pasa dira».