Andoni ARABAOLAZA
Errekorra

«Mescalito»-ko denbora onena erabat txikitzea lortu dute

Yosemiteko Kapitainen dagoen sona handiko bide hori igotzeko Brandon Adams eta Roger Putnam estatubatuarrek 13 ordu, 46 minutueta 48 segundo behar izan dute. Ezustean hartu ditu eginiko denborak; izan ere, hamar orduan hobetu dute aurreko kronoa.

Gure ingurumarian ez bezala, hormatzarretan egiten diren abiadurako eskaladak tradizio handia du Yosemiteko Kapitainen. Ohitura dute kronoa martxan jarri, ziztu bizian eskalatu eta bidearen amaieran kronoa gelditzea. Bai, haran horretako paretetan kultura hori dute. Beraz, oro har, jarduera horietan eskalatzaile estatubatuarren izenak entzuten ditugu. Alabaina, Europako eskalatzaile gutxi batzuk ikusi ditugu abiadura astintzen. Thomas eta Alex Huber anaia alemanak, adibidez, nor baino nor aritu dira kide estatubatuarrekin.

Kapitainen dauden marra guztien artean, ziur aski, “The Nose” da modalitate horretan espezialista sasoikoenen kuttunena. Harrigarria bada ere, egin den denbora onena ordubete, 58 minutu eta 7 segundokoa da. Errekorra ezarri zutenak Tommy Caldwell eta Alex Honnold dira. Nahiz eta errekor horren irudiak bideoan ikusi, zaila da ulertzea nola den posible 900 metro, 30 luze eta 8b+ zailtasuna duen bide bat bi ordu baino gutxiagoan eskalatzea.

Horregatik diogu kultura kontua dela; izan ere, izaera horretako jarduera bat egiteko indarrean jartzen den estrategia eta estiloa soilik estatubatuarrek menderatzen dute.

Kokapen labur hau egin eta gero, aipatu behar dugu azken asteotan “The Nose”-k ez duela protagonismorik izan, “Mescalito” marrak baizik. Bi bide horien artean, gainera, alde oso nabarmena dago. “Mescalito”-k luzera bera dauka, eta honako zailtasun teknikoak ditu: A3 artifizialean eta 5.7 (bosgarren gradua gure eskalan) era askean. Bi marra horiek maila berean jartzea ez da batere zuzena; batez ere, ezaugarri ezberdinak dituztelako. Luzeetan jarrita dagoen tresneria finkoa ere ez da parekoa. Aurreratu dugu “The Nose” bi ordu baino gutxiagoan igo dutela. “Mescalito”-k, berriz, jaso duen denbora onena 13 ordu, 46 minutu eta 48 segundokoa da.

Brandon Adams eta Roger Putnam estatubatuarrak izan dira errekor berria ezarri dutenak. Gainera, bi protagonistok onartu dute eginiko denborak ezustean harrapatu dituela; izan ere, 10 orduan hobetu dute aurreko denbora onena. Beste datu bat: hango eskalada-gidek diote “Mescalito” igotzeko astebete behar dela.

Sokada horri onartu behar zaio eginiko jarduera oso garrantzitsua dela. Bide “nahasi” batean denbora bikain hori egiteaz gain, Honnold eta Caldwell ez bezala, ez direlako profesionalak.

Errekor berri honen inguruan Putnam-ek berak hitz egin nahi izan du, eta honako lerrook helarazi dizkigu hedabideoi.

«Mescalito»

«Brandon eta biok goizeko 4:30ean bidearen oinarrian jarri ginen. Hara hurbildu aurretik, aurreko egunetan hainbat aurreikuspen egin genituen. Eta biok ala biok ados geunden igoera horrek 16 eta 24 ordu arteko esfortzua eskatuko zigula. Abiadurako aurreko errekorra goi mailako hiru eskalatzailek ezarri zuten. Brandon eta biok liga berean egongo ote ginen?

Yosemiteko basozaina da Brandon; eskaladari lotuta lan egiten duen ranger bat, alegia. Eta inolako zalantzarik gabe, geure belaunaldian eskalada artifizialean dagoen espezialista onena. Ni, berriz, eskalada artifiziala erraza aurkitu zuen akademiko bat. Azken urteotan, Brandonek eta biok goi mailako abenturak partekatu ditugu. Adibidez, Yosemiten hiru errekor ditugu: ‘The Shield’-en 8:55 denbora egin genuen, ‘Flight of the Albatross’-en 9:32 eta ‘Waterfall Route’-n 6:29. Horretaz gain, Zion izeneko zintzurrean ‘Pangea’ bidearen (5.10, A4) lehen igoera sinatu genuen. Zalantzarik gabe, biok ala biok gai ginen ‘Mescalito’-n denbora bikain bat egiteko.

Brandonek bere bluetootha eta martxan jarri zuen egun horretarako prest zituen metal doinuko kantak. Ikerketek diote duela 3.600 urte Sierra izeneko eremuan epizentroa izan zuen lurrikara handi batek Yosemiteko haranaren bakea astindu zuela. Kapitain hormaren sekzio bat (2,2 milioi m3) erori zen. Lasaitasuna itzuli zenean, Kapitain-en hego-ekialdeko horma agerian geratu zen. Une jakin horretan, Yosemiteko pareta garaiena zein tenteena sortu zen. Hots, egunaren lehen eguzki izpiak jasotzen dituen horma: Egunsentiaren Murrua.

Kapitainek duen helburu interesgarrienetako bat The Dawn Wall da. Horrela izan da azken hamarraldi hauetan. Warren Harding-ek lehen aldiz 1970. urtean eskalatu zuen. Denera, 28 egun behar izan zituen, eta ehunka aseguru jarri zituen. Pareta hori eskalada artifizialaren estandarte bihurtu zen. Hurrengo belaunaldiek bide horietan jardun zuten. Zirrikitu berriak bilatzen ari ziren. Beti bezala, mantso eta era metodiko batean. Arriskua ere beti presente zegoen.

Inolako zalantzarik gabe, murru bikain honek azken urteotan mundu zabalean oihartzun handia izan du. Tommy Caldwell-ek eman dio ospe hori. Eskalada artifiziala saihestu eta hormatzar horretatik era askean igo zen. ‘The Dawn Wall’ bidea sortu eta puntu gorria jarri zion. Era librean kateatu den munduko marra gogorrena.

‘The Nose’-n ez bezala, murru honetan abiadurako eskaladek ez dute jarraipen zabalik izan. Gutxi izan dira ausardia izan dutenak. Pareta horretan dauden bideen zailtasuna handia da, eta, horren ondorioz, igoera guztiek ia egun bateko lan eskerga eskatzen diete espezialistei. ‘Mescalito’-ko errekorra honakoa zen: 23 ordu 28 minutu. Dean Potter, Jose Pereyra eta Russ Mitrovitch-ek lortu zuten hori. Hain zuzen ere, 1998. urtean.

Anchorage Ledge sekzioraino ardura hartu nuen. Bost luze. Badirudi ametsetan nagoela: aseguru finko gutxi ukitzen ditut, era askean asko eskalatzen ari naiz... Nire burua hutsik dago. Ia hiru ordu behar izan genituen erlaitz horretara heltzeko.

Brandon-en txanda da. Izaera honetako igoeretan, nire sokakidea badirudi gerra batean dagoela. Basatia da, eta etengabe eusten dio erritmoari. Igotzen ari garen luzeak zailtasunean iraunkorrak eta ederrak dira.

Bismarck izeneko erlaitzera heldu ginen. Ordulariari begiratu eta arratsaldeko ordu biak eta laurden zirela ohartu nintzen. Erabat hunkituta gaude. Gailurrera eramango gaituen azken sekzioa nik lideratu behar dut. Besoak txikituta ditut, eta nire gorputza leher eginda dago. Aurretik eginiko malabarismo guztiek egoera horretara eraman naute.

Alabaina, lasai nago; izan ere, ‘Mescalito’ amaitzeko zortzi luze falta zaizkigu. Eta iluntzeko oraindik sei ordu ditugu. Brandoni begiratu eta ondorio bera atera dut: oso lasai dago. Abiadura helburu denean, luze horiek Brandonek lideratzen ditu. Borrokalari sutsua da. Gozatzen ari dela ikusten dudanean, ni ere lasaitzen naiz.

Brandonek gailurrean dagoen zuhaitza ukitu eta kronoa gelditu du: 13 ordu, 46 minutu eta 48 segundo. Kaka zaharra! Zaila egiten zaigu egin dugun denboraz jabetzea; den-dena primeran atera zaigu. Bismarck-en aurkitu genuen ur-botilak LSD mikrodosi bat ote zuen?».