Surflari ernegatua

500 ernegatu

Gaurkoa GARAk surfari eskaintzen dion atal honetan argitaratzen den 500. artikulua da. Hamar urteotan surfari lotutako hamaika gai jorratu ditugu, beti euskaraz, eta surf munduan ohikoa ez den begiradatik. Ez da Europa osoan izango surfari astero bi orrialde eskaintzen dizkion beste egunkaririk. Hamar urtez jarraian surfaren gaia iraunkorki jorratzeak eta, gainera, euskaraz egiteak badu bere meritua, egunkari baten xedea ahalik eta jende gehienarengana iristea baita, eta atal hau oso mugatua den komunitate bati zuzentzen zaio. Aldiz, atal honen arrakasta posiblea ez dago bertan eskaintzen den edukian, irakurleengan baizik.

Irakurle kritikoak dituen komunikabide batek soilik egin ditzake besteentzat ezinezkoak diruditen gauzak. Elkar elikatzen duten bi partaide ez badaude, informazioa hutsala da, funts gabea, norabide bakarrean zuzentzen baita. Aitzitik, norabidea bi zentzutan doanean informazioa formazio bilakatzen da, eta hor bi partaideek irabazten dute, elkar elikatzen eta ikasten dutelako.

Sarrerako hitzak irakurrita, neure buruari loreak botatzen ari naizela dirudi, eta horrela da baina, batez ere, irakurleei ari naiz gorazarre egiten. Atal honetan surfaren inguruko 500 artikulu euskaraz argitaratzeak duen meritua nik nabarmentzen ez badut, ez du beste inork egingo, eta are gutxiago, euskaltzaleek, egin ditudan euskarazko lan guztiak musu-truk egin baititut, euskararen kontura bizi direnei aukerarik eskaini gabe. Hau da, dirulaguntzarik gabe, hezkuntza eremuko sostengurik gabe, baina batez ere euskaltzaleen ohiko bideetatik kanpo. Hamar urte hauetan argitaratu ditudan artikuluak, “Euskal Herriko Surf Gida” edo fitxa didaktikoak euskal komunitateak dituen bide ofizialetatik argitaratu izan banitu, aitorpena izango lukete, baina Euskal Herrian bizi diren hainbat eta hainbat «belarriprest» alboratuko nituzke.

Euskaraz ez dakiten surflariek, atal honetan argitaratzen diren artikuluak irakurtzeko, Google Translate erabiltzen dutela esaten didatenean, itzelezko poza ematen dit, surf aldizkarietan topatzen ez duten ikuspegi bat aurkituko dutelakoan egiten baitute esfortzu hori. Ulertzen ez duten hizkuntza batean idatzi eta, hala ere, haiengana iristea, sekulakoa da.

Ondorioz, 500 artikuluko muga gaindituta, aurrerantzean guztientzat interesgarri izan daitezkeen artikuluak gazteleraz argitaratzeko esfortzua egitea merezi duela uste dut, edukia zabaltzeak ere garrantzi handia duelako. Euskaraz idazteak nortasuna adierazten du, baldin eta konplexurik gabe egiten bada. Hau da, euskalduna naiz eta euskaraz egiten dut, nire hizkuntza delako, baina mezu bat jende gehiagorena iristeko asmoa badut, beste hizkuntzak erabili behar ditut, beste edozein herrialdetako herritarrek egingo luketen bezala.

Inoren menpe izango ez bagina bezala jarduten has gaitezke, baldin eta eskaintzeko zerbait baldin badugu eta eskaintza horren berri emateko gai bagara. Izan nahi ez duenak soilik egiten du gainerakoengandik bereizteko urratsa. Gotortu gaitezke eta autokonplazentzian desegin, desagertu arte, edo eskura ditugun tresna guztiekin (hizkuntzak barne) bizirauten jarraitu. Ahal bada, beste 500 urte.