Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
Surf

Gabriel Medina: besteei bidea ireki dien Brasilgo enbaxadorea

Bi bider izan da munduko txapelduna, 2014an eta 2018an, eta oraindik sasoi ezin hobean da. Sekula brasildar batek lortu gabekoemaitzak lortu zituen eta horri esker bere aberkideei bidea ireki zien. Egun brasildarrak nagusi dira munduko lehen mailako CT itzulian.

Eskrupulu gabeko lehiakidea da, hotza eta kalkulatzailea. Jarrera horrek ikusle batzuk uxatzen ditu, baina beste milioika jarraitzaile ere erakartzen ditu. Azken hamarkadan egin duen ibilbidea itzelezkoa da eta CT itzuliko lehiakideentzat beldur handien dioten aurkarietako bat da.

Goi mailan diren gainerako lehiakideekin alderatuta, baditu zenbait berezitasun Medinak. Ez da ohikoa bera beste lehiakideekin lagun giroan ikustea, eta une oro bere aitaordekoarekin egoten da, oso zentratuta eta serio. Nahiz eta bere aurkari gehienek baino maila altuagoa izan, edozein txanda pasatzeko edozer egiteko gai dela erakutsi izan du, eta jarrera hori ez dute begi onez ikusten ikusle eta surf zale askok.

Brasildar petoa

Gabriel Medina 1993ko abenduaren 22an jaio zen Sao Paulon, Brasilen, eta bi anai-arreba ditu. Bere aita, Claudio de Jesus Ferreira, eta bere ama, Simone Medina, Gabrielek 8 urte zituenean banandu ziren. Orduan hasi zen surfean; izan ere, bere amaren bikotekide berria, Charles Serrano de Saldanha Rodrigues, Charlao, surflaria zen.

Charlao, surflaria izateaz gain, triatloilaria ere izan zen gazteago zenean; kirolzale amorratua, beraz. Bera da Medina lehiatzen ari denean kanpotik instrukzioak ematen aritzen den entrenatzailea. Bera izan zen bere mentorea, eta harekin batera egin ditu surfean hasi zenetik eman dituen pauso guztiak.

Maresias hondartzan hasi zen Medina surf egiten eta hiru urteren buruan lehiatzen hasi zen. Hasieratik erakutsi zuen talentua eta lehiarako grina. Hain zuzen ere, surf egiten hasi zen hondartza berean ireki zuen 2017. urtean Gabriel Medina Institutua errendimendu altuko prestaketa zentroa. Eraikinak 336 metro karratu ditu eta 10 eta 17 urte bitarteko ikasleak hartzen ditu.

Medinak 1,85 metroko garaiera du eta 77 kiloko pisua. Ez du alkoholik edaten, ez du erretzen eta kristau ebanjelikoa da. Ezker surflaria izan arren, bere surflari kuttunenen artean hiru izen nabarmentzen dira, eta hirurak eskuin surflariak dira: Mick Fanning, Tom Curren eta Kelly Slater. Surf egiteko, ordea, nahiago ditu ezker olatuak, Fijiko Cloudbreak eta Mentawai uharteetan dagoen Macaronis urautsia maite baititu.

Jan eta edateko, arroza babarrunekin, behi haragia eta laranja zukuak maite ditu. Skatean ere aritzen da ahal duenean eta futbola ere maite du. Neymar jokalari famatuaren laguna da eta sarri egoten dira elkarrekin. Medinaren egungo neska-laguna ere ezaguna da, Yasmin Brunet modelo brasildarra.

Ibilbide profesional bikaina

Rio de Janeirotik gertu dagoen Buzios hondartzan eskuratu zuen lehen txapel garrantzitsua Medinak, 11 urterekin, Rip Curl Grom Search lehiaketa irabazi zuenean. Horren ostean, garaikurrak bata bestearen atzetik etorri ziren, gero eta maila handiagoko txapelketetan.

Apurka QS zirkuituan lehiatzen hasi zen eta 2009an sei izarreko lehiaketa bat irabazi zuen Floriannopolisen. Horren ostean, Rip Curl markarekin kontratua sinatu zuen. Urte berean, Maresias Surf International txapelketan lehiatu zen, itzelezko ikuskizuna eskaini zuen eta lehiaketa hori inoiz irabazi duen surflari gazteena bilakatu zen.

Urtebete geroago, lehen aldiz CT zirkuituko txapelketa batean parte hartzeko aukera eskaini zioten wild-card batekin. Horrela, Rip Curl Bells Beach txapelketa mitikoan lehiatu zen eta handik urtebetera, 2011n, lehen mailara igo zen.

Brasildar asko izan dira lehen mailan lehiatzen, baina bera izan zen CT itzulian leku bat lortzen gazteena. Hasi berria izan arren, lehen mailan egin zuen lehen urtean bi txapelketa irabazi zituen; bata, Hossegorren egiten den Quiksilver Pro France lehiaketa, eta bestea, urte hartan Kalifornian egin zen Rip Curl Search txapelketa.

Junior kategorian zegoen oraindik 2013. urtean eta munduko junior titulua eskuratu zuen 20 urterekin. Hortik aurrera geldiezin bilakatu zen. 2014an garaipen historikoa lortu zuen, titulu mundiala irabazi zuen lehen brasildarra izan baitzen. Australiako Snapers eskuin olatuan egiten den Quiksilver Pro Gold Coast txapelketa irabazi zuen lehen ezker surflaria ere bera izan zen, bere aurretik izan ziren garaile guztiak eskuin surflariak izan baitziren.

Hurrengo urtean ez zuen munduko titulua eskuratu, baina Hawaiiko Koroa Hirukoitza irabazi ostean titulu hori eskuratu zuen lehen brasildarra bilakatu zen.

2018an egin zuen urrats garrantzitsuena. Pipeline Masters irabazi zuen eta horrekin batera bere bigarren titulu mundiala. Egun hartan paradigma aldaketa bat iragarri zuen Medinak, ordura arte brasildar batek Pipelinen irabaztea ezinezkoa baitzirudien.