10/08/2020

Jokin Eizmendik irabazi du Igeldoko Harria 14 jasoaldiko markarekin
Andres OSA «SAKONA»

Larunbatean jokatu zen Donostiako Trinitate plazan Igeldoko Harria sari nagusia. 134 kiloko harri baldarra bost minutuan 14 aldiz leporatu zuen Jokin Eizmendik, garaipena eskuratzeko. Hori bai, iaz baino jasoaldi bat gutxiago eman zion.

Guztira hamar indartsuk hartu zuten parte, eta badirudi aipatu harria astunagoa dela urtebete igaro ondoren. Izan ere, partaide guztiak harri horrekin eginak zituzten marken azpitik gelditu ziren. Ikusle gutxi bildu ziren Trinitate plazan; koronabirusaren eragina nabaria izan zen, zoritxarrez.

Bigarren Gorka Etxeberria sailkatu zen 12 jasoaldirekin, eta hirugarren, Mikel Lopetegi “Urra” 11 jasoaldirekin –berdinketan, ohi denez, pisu arinenaren alde egin zen–. Laugarren Illarramendi izan zen eta bosgarren, Xabier Peñagarikano, bi hauek ere 11 jasoaldirekin.

Seigarren Beñat Telleria izan zen (10); Aimar Galarragak ere 10 jasoaldi; Alex Merlo Belgikatik etorri zen eta 8 jasoaldi egin zituen; azken-aurreko postua Jagoba Otaegirentzat (4); eta hamargarren Jon Unanue Goenatxo III.a 2 jasoaldirekin.

Sokatira

Larunbatean hasi zen Euskal Herriko Lur Gaineko sokatira txapelketa. 680 kiloan izan zen lehen ekitaldia Getxon eta txapelduna Erandioko Goiherri izan zen. Bigarren Mutriku, ondoren Akelarre Erandiokoa, eta laugarren Getxo. Gaztedik ez zuen parte hartzerik izan, taldekide batek koronabirusaren proban positibo eman zuelako. Txapelketa osoa Getxon jokatuko da eta pisu bakoitza egun bakar batean egingo da. Abuztuaren 15ean 640 kiloko proba jokatuko da, 11.00etan.