I.B.
BILBO

Munduko kasuen erdiak baino gehiago AEBetan, Brasilen eta Indian daude

Munduan zenbatutako koronabirus kasuek laster gaindituko dute hogei milioi kasuen langa –19.680.000 kutsatu zeuden atzo, Johns Hopkins Unibertsitatearen zenbaketaren arabera–, gaixotasunak duen hedapena islatzen duen zenbaki borobila. Kasu horien guztien erdiak baino gehiago, ordea, hiru herrialdetan daude, Ameriketako Estatu Batuetan, Brasilen eta Indian.

AEBek atzo gainditu zuten bost milioi kasuen langa, eta Brasil ere asteburu honetan heldu da hiru milioi gaixo zenbatzera. Indiak, bestetik, 2.153.000 positibo zituen; orotara, hamar milioi baino gehiago. Gainera, kutsatu kopuruaz harago, hiru herrialde horien artean 300.000 hildako baino gehiago izan dituzte, munduko guztien –727.000– %40 inguru.

Horien atzetik, Errusia, Hegoafrika, Mexiko, Peru, Kolonbia, Txile eta Iran dira koronabirusak kutsatutako pertsona gehien dituzten herrialdeak, eta Europar Batasunean Estatu espainola da zenbaki kaskarrenak dituena. 314.000 kasu, Britainia Handiak baino 2.000 gehiago.

Txertoa, urte bukaerarako?

Munduan oraindik egunero 300.000 kasu inguru detektatzen dira, eta ez du ematen egoerak hobera egingo duenik, ez behintzat modu nabarmenean, txertoa aurkitu arte.

Hain zuzen, covid-19aren aurkako txertoa urte amaierarako erabilgarri egon daitekeela adierazi zuen atzo Stella Kiriakides Europar Batasuneko Osasun komisarioak. «Iragarpenak egitea une honetan arriskutsua bada ere, adierazle on batzuk ditugu hasierako txerto bat urte honen amaierarako edo datorren urtearen hasierarako eskuragarri egon daitekeela esateko», esan zion Batasuneko ordezkariak Alemaniako “Handelsblatt” egunkariari. Kiriakidesek ohartarazi zuenez, «txerto batek ez ditu arazo guztiak behingoan konponduko», baina pixkanaka normaltasunera itzultzea ahalbidetuko luke, baldin eta «herritarren masa kritikoa txertatuz gero; batez ere, arrisku taldeetan daudenak».