GARA
GASTEIZ

Sorosleen grebak behartuta, Gasteizko bi igerileku itxita

Gasteizko Mendizorrotza eta Gamarra udako igerilekuen zerbitzua bertan behera geratu zen atzo goizean, kirol arloko langileek 12.00etatik 14.00etara egindako grebaren ondorioz. Hala jakinarazi zuen Udalak, sorosle gehien-gehienek protestarekin bat egin zutela onartuz.

ELAk labur azaldu zuenez, ehun bat sorosle eta begiralek Gasteizko Udalak ezartzen dizkien baldintza gero eta eskasagoak salatzea erabaki dute, eta egunero lau orduko lanuztea egingo dute, goizez (12.00etatik 14.00etara) eta arratsaldez (17.00etatik 19.00etara), epemugarik gabe.

«Covid-19ak egun sortu duen egoera dela eta, Gasteizko Udala osasun arlotik askoz harago doazen murrizketa batzuk egitea proposatzen ari da, betiere zerbitzu hau ematen duten 100 langileen kalterako», eta murrizketa horiek zerbitzuari kalte egiten diotela azpimarratu zuen sindikatuak.