GARA
amaiur

Aranzadik arkeologia zentroa ireki du Amaiurren

Amaiurko zentroan bertako gazteluari buruzko erakusketa museografiko iraunkorra eta azken hamabost urteotan Aranzadi Zientzia Elkarteko talde batek gazteluan egindako indusketa-lanetan berreskuratutako material arkeologikoak daude ikusgai. Hilaren 8an inauguratu zuten. Baztan ibarreko aisialdi kulturalean erreferentzia den Amaiur hiribildura edo gazteluko aztarna musealizatuetara egindako bisita osatzeko ezinbesteko elementua.

Aranzadi Zientzia Elkarteak Amaiur arkeologia zentroa zabaldu du herrian. Zentroak gazteluari buruzko erakusketa museografiko iraunkorra eta bertan topatutako aztarna arkeologikoak biltzen ditu.

Amaiur arkeologia zentroa udalerriko kale nagusiko oinetxe bateko beheko solairuan dago eta 150 metro koadroko azalera du. Horietatik 115 erakusketarako izango dira.

Azken hamabost urteotan Aranzadi Zientzia Elkarteko talde batek gazteluan egindako indusketa-lanetan berreskuratutako material arkeologikoak daude bertan ikusgai. Amaiurko gazteluaren inguruko lehen aipamenak XII. mendekoak dira. Ondorioz, erakusketa honetan Erdi Aroko gaztelu hura nolakoa zen ikusi ahal izango da: dorre nagusia, ur-tanga, bost dorre zituen lehen harresiak inguratuta, eta bi dorre zituen bigarren harresia. Erakusketa horretan, beira-arasetan aztarna metalikoak izango dira ikusgai, hala nola gezien eta balezten puntak, soldaduen jantzietako apaingarriak, ontzi puska zeramikoak eta egurrezko egituretako iltzeen hondarrak.

Gainera, lantza baten punta handi bat eta txanponak ikusteko aukera ere izango da. Horrek guztiak Erdi Aroko gaztelu hura babestu zuten soldadu taldeen eguneroko bizitzaren inguruko irudia erakutsiko digu. Gehienetan, 20 soldadu baino gutxiagokoa izaten zen taldea, baina gatazka belikoko uneetan, kide kopurua nabarmen handi zitekeen.

Amaiurko ezpata ikusgarria

Nafarroako konkistaren garaian, 1512. eta 1522. urte artean, gaztelua handitzeko lan handiak egin zituzten eta, lan haiei esker, bi kubo handi atxiki zituzten plataformekin kanoiak bertan jarri eta, hala, artilleria-erasoei aurre egin ahal izateko, ohar bidez azaldu dutenez.

Beira-arasetan ikusgai daude gazteluko hainbat tokitan berreskuratu dituzten jaurtigaiak, burdinazko bola trinko handiak (bakoitza 14,15 kilokoa). Bestalde, nabarmendu beharrekoa da burdinazko xaflekin blindatutako ate baten kopia. Baina, zalantzarik gabe, piezarik ikusgarriena Amaiurko ezpata da. Ezpata garai hartako objektuen eta jaurtigaien puskekin batera aurkitu zuten. Orain erakusketako beira-arasetako batean dago ikusgai.

Amaiurko erakusketa zentroko azken blokea “Memoria” izenekoa da. Atal horretan, gazteluan 1522. urtean gertatutakoa mendez mende nola kontatu izan duten ikus daiteke. Horregatik, nabarmendu beharrekoa da Amaiurko gaztelua dela gaur egun Nafarroako Foru Erkidegoa osatzen duen lurraldean konkistatzaileei aurka egin zien azkena. Uztailaren 19an amaitu zen erresistentzia, eta abuztuaren 11n erabilezin bihurtu zuten leherketarako minen bidez.

Gertakari horiek guztiak belaunaldiz belaunaldi kontatu dira azken mendeotan. Kontakizun horrekin lotuta, zazpi metroko luzera duen beira-nasa handi bat nabarmendu du Aranzadik. XVII., XVIII., XIX. eta XX. mendeetako jatorrizko argitalpenak daude horietan ikusgai. Argitalpen horien bidez, ikuspegi ezberdinetatik zabaldu izan den idatzizko memoriari buruzko memoria egiteko aukera izango du ikusleak.