Andoni TOLOSA «MORAU»
Kantaria

Gero eta ozenago

Azken aldian, pandemia aurreko garaietan, alegia, orain faltan sumatzen dugun normaltasun zaharraren aroan, hain zuzen ere (adjektibo deskriptiboagoak etortzen zaizkit gogora, baina zaharra hobetsi dut lokatzetan gehiegi ez sartzeko); bada, orduko sasoi horretan, azken urteotako fenomeno musikalik interesgarrienetako, kitzikagarrienetako, iradokitzaileenetako batek argitzen zidan gogoa etxetik ateratzen nintzen bakoitzean: aldiro topatzen nuen norbait ozen txistu egiten edozein karrikatan, edozein ordutan. Lotsarenak eta beldurrarenak eginda. Gero eta lagun gehiago, arte musikal zaharrenetako bat, demokratikoenetako bat, praktikatzen, eta, bide batez, oharkabeko entzule ororekin, hain eskuzabal partekatzen.

Baina horiek, esan bezala, denbora urrun bateko kontuak dirudite. Ikusteko zegoen zer eragin edukiko zuen normaltasun berria deritzoten ziurtasun, zuhurtzia, kontrol sozial eta beldur erauntsiak, bat-batean, ezpainak bildu eta musika egiteko ohitura xaloaren gainean. Musika eta birusak eskutik elkar hartuta, berriro ere. Kriminal burugabe horiek! Sutara!

Azken asteetan jabetu ahal izan naiz, ordea, musukoaren erabilerak ez duela zapuztu eguneroko poz txiki hori. Esango nuke ezpainak estalita eramatearen balizko inpunitateak erraztu egiten duela ahalkea gainditu eta txistu egiten hastea (afinazioa, asmakizun burges hori). Are gehiago, egun, jendea sumatzen dut, oihal azpian, ahapeka kantari... Eguna alaitzeko makina bat zarete. Segi... gero eta ozenago.