Haritz LARRAÑAGA
BIARRITZ

Lapurdin plastikorik gabeko hondartzen alde egin du Pompili ministroak

Itsasoko hondakinak jasotzen dituen ontzi batean lur hartu zuen atzo Euskal Herrian Barbara Pompilik, Trantsizio Ekologikoaren ministro frantsesak. Jarraian Water Family elkarteko kideek emandako azalpenak entzun zituen Biarrizko portu txikian, eta handik Hondartza Handira abiatu zen.

Angelun, ostera, material jasangarria erabiliz surf taulak egiten dituen Notox lantegian izan zen, baita duela bi aste suteak kalteak eragin zituen Izadia parkean ere.

Lapurdin egin duen itzuli txikiaren helburua «hondakin plastikorik gabeko hondartzen karta» egitasmoa sustatzea izan da. Biarritz izan zen lehenetarikoa agiri horrekin bat egiten. Egitasmoa beste proiektu zabalago baten baitan kokatzen da, «gaurtik 2025era zero hondakin plastiko isurtzeko biodibertsitate planaren baitan», ministroak adierazi duenez.

Karta sinatzen duten herriek beren hondartzetan plastiko gutxiago izateko konpromisoa hartzen dute. Biarritzek jarria du, beraz, jardunbide egokien protokoloa.

Sentsibilizazioa lantzeko hainbat neurri biltzen ditu egitasmoak, eta prebentzioan eragin nahi du bereziki.