Amaia U. LASAGABASTER
Lehen maila

Urtarrilean jokatuko dira lehen itzuliko derbiak

Ekainaren 27an amaituko den Iberdrola Ligaren egutegia zozketatu zen atzo.

Urriaren 4an ekingo dio Iberdrola Ligak denboraldi berriari. Hasiera berantiarra eta, horregatik eta baita bi lehiakide gehiago izatearen eraginez ere, inoiz baino beranduago amaituko da txapelketa: ekainaren 27an, hain zuzen.

Atzo Madrilen egindako zozketak debuta etxean egiteko aukera eskaini die euskal taldeei. Realak, hala ere, kanpoan jokatuko du denboraldiko lehen norgehiagoka: Rayoren kontra jokatu beharko luke lehen jardunaldia, baina madrildarrek aste honetan bertan ekin diotenez denboraldi-aurreari, lehen partida hori atzeratu egingo da. Urriaren 11n hasiko dira donostiarrak, beraz, Deportivo bisitatuz. Astebete lehenago –hauek bai lehen jardunaldia jokatuz– Athleticek Deportivoren beraren bisita jasoko du eta Eibarrek Unben estreinatuko du maila berria Betisen aurka.

Derbiekin gozatzeko urtarrilera arte itxaron beharko da eta lehen itzuliko hirurak jarraian jokatuko dira: 14. jardunaldian, urtarrilaren 6an, Real-Athletic; 15.ean, Athletic-Eibar, eta 16.ean, Eibar-Real.

Kopan, bestetik, lehen itzuliaren amaieran lehen zortzi postuetan daudenek hartuko dute parte aurten.