Asier AIESTARAN
Arrauna

Liga bi jardunalditan erabakiko da

Santurtzik bi puntuko abantailatxoa du, aurreko astean Kontxa irabaztetik datorren Hondarribiarekiko. Play-offak ere hemen dira.

Iritsi da Eusko Label Ligako garailea erabakiko duen asteburua. Santurtzik bi puntu eskaseko abantailarekin ekingo die lehiaketako azken bi estropadei, gaur Bermeon eta bihar Portugaleten, eta Hondarribia tartetxo horri buelta eman eta aurreko asteburuan irabazitako Kontxari beste titulu bat gehitzen saiatuko da.

Ligako irabazleaz gain, datorren urtean gorengo mailan arraun egingo duten taldeen izenak ere ezagutuko ditugu asteburuan jokatuko diren play-offetan. Gizonezkoetan bost talde neurtuko dira: goian 11. amaitu duen Zarautz, KAE Ligan onenak izan diren Pedreña eta San Pedro, eta Galiziako Ligako Samertolameu eta Tiran. Horietatik bi Eusko Label Ligan izango ditugu datorren urtean, Kaiku jada maila galduta baitago. Eta emakumezkoetan lau parte hartzaile izango dira: Euskotren Ligan laugarren izan den Hondarribia, ETE Ligako bi onenak izan diren Tolosaldea eta Hibaika, eta Galiziatik datorren Cabo. Horietatik bakarrak lortuko du datorren urtean gorengo mailan arraun egiteko txartela.

Gaurko estropada 18.20an hasiko da emakumezkoen play-offeko lehen jardunaldiarekin, eta biharkoa, 11.40an.

Ahaztuta duenarentzat, hementxe nola dagoen Eusko Label Ligako sailkapena azken bi estropaden faltan: Santurtzik 154 puntu, Hondarribiak 152, Oriok 138, Urdaibaik 137, Zierbenak 135, Donostiarrak 131, Cabok 95 eta Isuntzak 74.

Play-offera begira, erreferentzia gertukoena Kontxako sailkapen estropada dugu. Gizonezkoetan Zarautzek sekulako denbora egin zuen Donostian eta tarte handia atera zien aurkariei: 18 segundo Pedreñari, 22 San Pedrori, 28 Samertolameuri eta 32 Tirani. Emakumezkoetan, Tolosaldeak egin zuen denbora onena hitzordu horretan, Hondarribiari 11 segundo sartuz; Hibaikari, 20 eta Cabori, 30.

Bermeoko alboko olatuak eta Ibaizabaleko korronteek, ordea, aldaketak eragin ditzakete.