GARA
NEW YORK

Klima larrialdiari buruzko gailurra iragarri du NBEk abenduaren 12rako

Nazio Batuek eta Gobernu britainiarrak iragarri dutenez, Pariseko Akordioaren bosgarren urteurrenarekin bat egingo den gailurrean, klima aldaketaren aurka nabarmendu diren agintariak bilduko dira

Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari nagusiak nazioarteko hainbat agintari eta funtsezko zenbait sektoretako ordezkariak bildu zituen atzo bideo konferentzia bidez, urteroko Biltzar Nagusira begira klima larrialdiari aurre egiteko proposamenak biltzen saiatzeko. Bezperan, NBEk eta Britainia Handiko gobernuak abenduaren 12an gailur bat antolatuko dutela iragarri zuten, berotze globala eteteko Pariseko Akordioaren bosgarren urteurrenarekin bat.

Antonio Guterres eta Boris Johnson lehen ministro britainiarra izango dira abenduaren 12ko gailurraren anfitrioiak. Asmoa «klima aldaketaren aurka anbizio handieneko egitasmoak bultzatu dituzten mundu mailako agintariak» biltzea da. Oraindik ez da baieztatu gailurra birtuala izango den edo ez, baina ia ia ziurtzat jotzen da.

Parte hartuko duten herrialdeek klima larrialdiari aurre egiteko planak aurkeztu ahal izango dituzte 2021eko azaroan Glasgown bilduko den COP26 biltzarra prestatzeko. Aurten zen egitekoa, baina pandemiak atzeratzera behartu zuen.

«Klima larrialdi bete-betean gaude eta, beraz, ez gaude denbora galtzen ibiltzeko. Hil ala biziko krisi honi erantzun azkarra eta irmoa eman behar diogu, eta, garrantzitsuena dena, herrialdeen arteko elkarlana guztiz ezinbestekoa da», gogora ekarri zuen Guterresek.

Abenduan bertan, Ameriketako Estatu Batuak bihurtuko dira Pariseko Akordiotik ateratzen diren munduko lehen herrialdea, Donald Trump presidenteak horrela erabakita. Presidentetzarako bozetan aurkari izango duen Joe Bidenek iragarri du jada akordiora itzultzeko asmoa. Horretarako, baina, azaroaren 3ko bozak irabazi behar ditu.