Txoli Mateos
Soziologoa
GAURKOA

Komunitateaz eta komunitateez

Berba gutxi egongo dira komunitate kontzeptua baino erabiliagoak egungo diskurtso politikoan, feminismotik ekologismora ezker independentismotik pasatuta. Gizarteko zenbait arlotan ere, aspaldikoa da erabilera, adibidez, hezkuntza sistemaz ari garela. Nork ez du erabiltzen hezkuntza komunitatea eskolari dagozkion kontuak aipatu behar direnean? Bizi dugun pandemia garai honetan ere, “komunitatea zaindu” eta horrelakoak maiz entzuten dira. Nondik dator joera hori, ordea?

Ezagun da gizarte/komunitate dikotomia, XIX. mendearen amaieran ospe handia jaso zuena. Horren arabera, gizartea gizaki soilek osatzen dute eta horiek askatasun osoa dute nahi dituzten loturak osatzeko; hots, edozein motatako kontratuak gauzatzeko (ezkontza, adibidez). Aro modernoari dagokio eta arau moralek izaera unibertsala dute (esate baterako, bozka emateko eskubidea). Komunitateak, aldiz, lotura sendoetan oinarrituriko taldeak dira. Talde oroimenak, arau moral multzo jakin bat eta kidetasun sentimendua partekatzen dira hor. Nolabait esatearren, gizartean gizakia da nagusi, eta komunitatean taldea bera da gizakiaren bizitzari esangura ematen diona. Komunitateko kideak kide sentitzen dira; alegia, partaidetza subjektiboa dakar komunitateak, ezinbestean.

Komunitate kontzeptuak zerbait ona erantsi ohi dio taldeari; horregatik esaten da kontzeptu ideologikoa dela. Nekez entzungo dugu gaizkile komunitate bati buruz hitz egiten, adibidez. Hori horrela, komunitatearen abaroa bilatzen hasi zen XX. mendearen erdialdetik aurrera, demokrazia liberaletan gizakion atxikimendua indartu nahian. Eta hortik ere etorri zen 90eko hamarkadako komunitarismoa deitu zitzaion filosofia moralaren arrakasta, indibidualismoari balazta ipini nahi ziona eta, horrez gain, sozialismoak eta demokraziak eskaintzen zuten arrazionaltasun hotzari berotasuna eman guran. Galdutako komunitatearen bila abiatu zen pentsamendu sozialaren zati bat; kasu batzuetan, nahiko kontserbadorea, bide batez esanda. Xehe-xehe aztertu beharko litzateke nola islatu den hori guztia euskal gizartean, baina konpartitu nahi dudan gogoetaren helburu nagusia da aztertzea zein neurritan izan daitekeen arriskutsua edo nahasgarria komunitate kontzeptuaren erabilera okerra.

Euskal Herrian euskalgintza izan da aitzindari kontzeptuaren erabileran. “Hizkuntza komunitatea” aspalditik erabiltzen da euskal hiztunen taldea izendatzeko. Literatura zientifikoa alde batera utzita, ausartuko nintzateke esatera erabilera hori ez dela oso zuzena izaten, nola edo hala, aditzera ematen delako euskaraz hitz egiten dugun guztiok konpartitzen dugula euskararekiko sentimendu bera. Gaur egun, ordea, mota askotako euskal hiztunak daude eta atxikimendua edo euskararekiko engaiamendua era askotakoa da. Labur eta gordin esanda: euskaraz egiten dugun guztiok ez dugu maite euskara modu berean eta euskaldun ez diren askok biziki maite dute euskara. Beraz, euskal(dun) komunitateaz hitz egin beharrean, euskaltzale komunitatea erabili beharko litzateke, erabiltzekotan ere. Eta kontuan hartu beharko genuke hemen erdaldun asko sar litezkeela. Zorionez! Are gehiago, euskal komunitateaz hitz egiten delarik, iradoki liteke erdal komunitate bat dagoela, hari kontrajarrita. Eta uste horrek, okerra izateaz gain, ez dio mesederik egiten ez euskarari ezta abertzaletasunari ere. Batetik, noizbait hitz egin beharko dugu gaztelania/frantsesa eta euskararen arteko bizikidetzaz, hizkuntza gatazka etengabe aipatu ordez. Bestetik, nazioa (herria) baturik irudikatzea atsegin du nazionalismoak eta ez komunitate bitan zatikatua, abertzale guztiok euskaltzale izan arren.

Bigarren erabilera okerra, nire ustez, euskal literatura politikoari dagokio. Hemen ere nahasgarri gertatzen da, ezin delako jakin herriaz, nazioaz edo euskal herritarrez hitz egiten ari garen. Eta oso gauza desberdinak dira, izan ere. Gaur egun, adibidez, bitxia da entzutea “Euskal Herri langilea”, XX. mendeko 60ko hamarkadan erabiltzen zena. Ezkerra, herriaz hitz egiten duenean, euskal gizarteko herri sektoreez ari da, oso egoera ekonomiko, sozial eta kultural askotarikoak, eta ulerkera horretatik eratortzen da herrigintza kontzeptua, egoera objektibo horietatik sortutako subjektuen borroka molde desberdinak adierazteko. Sarritan, hori ere ez da zehaztasun handiz erabiltzen, zeren eta, batzuetan, herrigintza berbaren azpian dagoena nazioa bera da, huts-hutsean. Alta, nazioak prentsa txarra du gure artean; ez dago modan, nazionalista garenon artean ere! Eta orduan, komunitatea erabiltzen da. Lotura lausoagoa irudikatu nahi da, postmodernoagoa; eta, aldi berean, berotasuna eta hurbiltasuna iradokitzen dira (horregatik garrantzi handia hartzen dute komunitate txikiek). Erabilera zuzena litzateke, ordea, nire ustez: aspaldi esana dago nazioa dela bere burua politikoki subirano irudikatzen duen komunitatea.

Alabaina, hirugarren arazoarekin egiten dugu topo hemen, eta arazo eskerga da, izan ere; zeren Euskal Herrian bizi garen guztiok, hots, euskal herritarrok, ez dugu osatzen nazio bakarra. Ez gara nazio komunitate bakarra. Nazio gatazka duen gizarte batean bizi gara, eta ezin dugu ahantzi nazio leialtasun desberdinak daudela bertan: euskal herritarrak, espainiarrak eta frantziarrak, nagusiki. Denok ez gara nazio komunitate bereko kide, baina Euskal Herrian bizi garen guztiok gara euskal herritar. Beraz, herria (nazioa) eta euskal herritarrak gauza desberdinak dira, eta zeharo antidemokratikoa litzateke bereizketa horretaz ez jabetzea. Herriaren eraikuntza berri batez hitz egiten denean ezin da ahaztu herritartasun berri batez ere hitz egin behar dela; herritar arduratsuak, partaidetzan engaiaturik, bizikidetza onesten dutenak, demokraziari leial eta euskal gizartearen mesedean jarduteko prest daudenak... nahiz eta nazio desberdineko kide sentitu. Azken batez, herritartasun demokratiko indartsu bat izan liteke nazio komunitatearen eraikuntzarako oinarri ezin hobea.