Idoia ERASO
BAIONA

Parisek atzera egin du eta murgiltze eredua garatuko da eskola publikoetan

Hiru hilabeteko borrokaren ondoren, Hezkuntza Ministerio frantsesak atzera egin eta Hiriburuko Baste Quieta eskola publikoan murgiltze eredua irekitzea onartu du. Horrekin batera, murgiltze sistemaren garapenaren markoa definitzeko elkarlana abiatuko da.

gara-2020-10-15-Noticia

Euskararen Erakunde Publikoko biltzar nagusia egin zen atzo Baionan, eta bertako partaide diren lau erakundeetako ordezkariak bildu ziren: Pirinio Atlantikoetako Departamentua, Akitania Berria Departamentua, Euskal Elkargoa eta Estatua. Azken horren ordezkari gisa, Bordeleko Hezkuntza Akademiako errektorea den Anne Bisagni-Faure egon zen, eta berak eman zuen Baste Quieta Hiriburuko eskola publikoan murgiltze sistema ezartzeko baimenaren berri. Urriko eskola oporren ondoren, adar berria azaroaren 2an ireki ahal izatea espero dute.

Hiriburuko debekuak murgiltze eredua duten beste eskola publikoetan zegoena arriskuan jartzen zuen, baimena ez emateko «antikonstituzionala» zela argudiatzen zutelako. Orain arte ezarrita dagoen eskoletan murgiltze sistema atxikitzearekin batera, etorkizunera begirako marko bat ezartzea ere hitzartu zuten biltzar orokorrean, errektoreak esan zuenaren arabera, «horrelako egoera bat berriz errepika ez dadin».

Hezkuntza Ministerioko ordezkariarekin batera biltzar orokorrean parte hartu zuten beste erakundeetako ordezkariek prentsaurrekoa eman zuten ondoren eta erabakia berri oso ontzat jo zuten; «garaipen» gisa definitu zuten. Antton Curutcharry EEPko presidente berria eta Hizkuntza Politikarako eta Kulturarako Euskal Elkargoko lehendakariordea, Mathieu Berge EEPko Akitania Berriko eskualde ordezkaria, Benedicte Luberriaga EEPko Pirinio Atlantikoetako ordezkaria eta Max Brisson eta Frederique Espagnac senataria izan ziren agerraldian eta erabakia «politikoki eta gizarte mailan izandako presioaren ondorioa» dela nabarmendu zuten.

Urriaren 12an EEPkoko ordezkariak Hezkuntza Ministerioko ordezkariekin elkartu ziren Parisen bigarren aldiz, Baste Quieta eskolako murgiltze ereduaren gaia eztabaidatzeko. Berge, Brisson, Luberriaga eta Curutcharry izan ziren bertan eta Hezkuntza Ministerioko kideekin izandako bilkuran agertutako «fermutasuna» nabarmendu zuten atzo. Jean-Michel Blanquer ministroari erantzuna atzoko egunerako biltzar orokorrerako ematea eskatu zioten.

Izan ere, erantzuna ezezkoa izan balitz, EEPren baitan dauden beste lau erakundeen arteko ez ulertzeak izan zezakeen arriskua agerian utzi zuten Pariseko bilkura horretara joan zirenek. Hori dela eta, Curutcharryk atzo nabarmendu zuen erabaki honekin «Euskararen Erakunde Publikoa bera salbatu» dutela.

Borroka uztailetik

Bordeleko Hezkuntza Akademiako errektoreak uztailean jakinarazi zuen Hiriburuko Herriko Etxearen sostengua zuen eskola publikorako euskarazko murgiltze eredua ez zuela onartzen. Iaz indarrean sartu zen legediaren arabera, hiru urtetik gorako irakaskuntza derrigorrezkoa den neurrian, «Errepublikako hizkuntza ofizial bakarra» erabiltzera behartuak daudela argudiatu zuen eta murgiltze eredua «araudiaren kontrakoa» zela.

Bordeleko akademiak hartutako erabakiaren ostean prentsaurrekoa eskaini zuten elkarrekin Beñat Arrabit EEPko lehendakariak eta Alain Iriart auzapezak eta 2008az geroztik Hiriburuko eskola publikoan euskararen irakaskuntza garatzeko indarrean den esperimentazio programa «arriskuan» egon zitekeela ohartarazi zuten. «Erabakia oso larria da», salatu zuen Iriartek.

Bestalde, eskola pribatuetako ordezkariek eta Seaskako ordezkariek ere Hezkuntza Ministerioaren argudioak gaitzetsi zituzten, eta murgiltze eredua debekatzeko erabakia gainontzeko eremuetara hedatzeko beldur zirela adierazi zuten. Ordutik Ipar Euskal Herriko ordezkari politiko esanguratsuenek Gobernu frantsesaren erabakia gogor gaitzetsi dute eta hainbat mobilizazio egin dira. Azkena pasa den urriaren 10ean egin zen Baionan eta mila lagun bildu ziren.